Koronabirusa Azpeitian

Datorren astelehenean irekiko dituzte kirol instalazio publikoak

Uztarria.eus 2020ko eka. 10a, 14:53
Kirol taldeetako kideak eta udal ordezkariak bilera batean. (Azpeitiko Udala)

Astelehenean zabalduko dituzte igerilekuaren eraikina eta kiroldegia. Kirol Patronatuko bazkideek soilik erabili ahal izango dituzte azpiegiturak, eta horiek aurrez hitzordua hartu beharko dute. Astean bi saio egin ahal izango ditu herritar bakoitzak, eta hainbat gunetan pertsona kopuru jakin batek egon ahal izango du. Aniztasun funtzionala duten herritarrek lehentasuna izango dute ordu tarte jakin batzuetan. Kanpoko igerilekua zabaltzerik ez du aurreikusten udalak.

Datorren astelehenean, hilak 15, zabalduko ditu kirol instalazioak Azpeitiko Udalak. Deseskalatzaren hirugarren fasean sartuta, koronabirusaren hedapena saihesteko neurriak hartuta irekiko dituzte, hala nola pertsona kopurua eta denbora tartea mugatuta. Gainera, kirol instalazioak erabili ahal izateko aurrez hitzordua hartu beharko da: igerilekuko instalazioak erabiltzeko 943-81 41 21 telefonora deitu behar da, eta kiroldegikoak erabiltzeko, berriz, 943-81 30 69 zenbakira.

Joan zen martxoaren 13az geroztik itxita dira herriko kirol instalazio publiko guztiak –tarte horretan desifektatze eta mantenu lanak gauzatu dituzte–; tartean, igerilekua eta kiroldegia. Dagoeneko, baina, hasi dira neurriak hartzen eta horiek zabaltzen, eta datorren astelehenetik erabilgarri izango dira, besteak beste, gimnasioa, estalitako igerilekuak, tenis eta padel pistak, saskibaloiko kantxa eta mahai-teniserako gunea.

Horietan, baina, jende kopuru jakin batek egon ahal izango du aldiko: kardio gunean, hamabost lagun; giharrak lantzeko gunean, hamabost lagun; sei kaleko igerilekuan, sei lagun; lau kaleko igerilekuan, lau lagun; igerileku txikian, bi familia –heldu bat eta ume bat–; tenis pistan, lau lagun; padel pistan, lau lagun; saskibaloi kantxan, sei lagun; eta mahai teniseko gunean, bi lagun. Gainera, pertsona bakoitzak astean 55 minutuko bi saio egiteko aukera izango du astean, eta oraingoz, Kirol Patronatuko bazkideek soilik erabili ahal izango dituzte kirol azpiegiturak.

Ohiko ordutegian zabalduko dituzte igerilekuaren eraikina eta kiroldegia, baina aniztasun funtzionala duten pertsonek eta adinekoek lehentasuna izango duten ordutegia ere finkatu du udalak: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara pertsona horiek izango dute kirol guneak erabiltzeko lehentasuna. Bestalde, sarreretan eta aldageletan gelak jarriko dituzte, eta herritarrek maskara erabili beharko dute eraikinetara sartzerakoan eta horietatik irteterakoan; kirola egiterakoan ez dute erabili beharko. Gainera, azpiegiturak "behin eta berriz" garbituko dituzte, udalak adierazi duenez.

Erakundeak azaldu duenez, erabiltzaileen osasuna eta ongizatea dira udalaren helburuak. Horregatik, deseskalatzeko arau orokorrak aintzat hartu eta prebentzio plan zorrotza gauzatu du udalak, eta kirol apiegiturak irekitzeko Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso duela jakinarazi du. Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak azaldu duenez, mugak jarri behar izan dituzte arduraz eta prebentzio neurriak hartuta jokatzeko, baina "ahalik eta zerbitzu egokiena" ematen saiatuko direla azaldu du. Gainera, udalak zehaztu duenez, egoeraz eta kirol azpiegiturez hitz egiteko bilera egin zuten duela egun batzuk herriko kirol eragileetako eta udaleko ordezkariek.

Kanpoko igerilekua, itxita

Uda sasoia gerturatzen ari da, eta udalak asteak daramatza estaligabeko igerilekuaren gaineko azterketak egiten. Erakundeak jakinarazi duenez, Kirol Patronatuarekin batera saiatu da kanpoko igerilekua zabaltzeko aukerak aztertzen eta bete beharreko protokoloa zehazten, baina azpiegituraren neurriak tarteko, "ezinezkoa" da protokoloak betetzea eta herritarrei zerbitzu egokia eskaintzea. Horrenbestez, aurten kanpoko igerilekua irekitzerik ez duela aurreikusten jakinarazi du udalak.