Koronabirusa Azpeitian

Lorea Iriarte: "Uste dut gobernuak oso komunikazio ona izan duela herritarrekin"

Uztarria.eus 2020ko eka. 10a, 14:30
Lorea Iriarte.

Ia hogei urte daramatza Lorea Iriartek (Azpeitia, 1975) Herbehereetan bizitzen. Hangoa du senarra eta Barneveld-en bizi dira bi semeekin, herrialdearen erdi aldean, 34.000 biztanleko herrian. Gerente finantzaria da farmazeutika batean, eta etxetik ari da lanean martxoaren erdi aldetik. Herbehereetan COVID-19 gaitzari aurre egiteko ezarri zuten "lock-down inteligentea" eraginkorra izan dela uste du, eta herritarrek "orokorrean" ondo erantzun dutela. "Etxean egon gara asko, baina nahi genuenean kanpora irteteko aukera edukitzeak mentalki asko laguntzen du".

Gogoan al duzu koronabirus hitza noiz entzun zenuen lehen aldiz?

Urtarrilean entzun nuen lehen aldiz, baina orduan oso urruti ikusten genuen, Txinako arazo bat bezala. Ez genuen pentsatu ere egiten gure ingurura iritsiko zenik.

Herbehereetan, noiz hasi ziren neurriak hartzen eta zer neurri ezarri zituzten?

Martxoaren 14-17 iguruan hasi ziren neurriak ezartzen. Eskolak itxi egin zituzten eta ahal genuen neurrian etxetik lan egiteko eskatu zuten. Tabernak, jatetxeak, ile-apaindegiak eta abar itxi zituzten. Denda denak irekita egon dira eta kalean ibiltzea ere ez dute debekatu. Talde txikietan ibili behar zen, hori bai; hiru lagun elkarrekin gehienez eta 1,5 metroko distantzia elkarrekin gordeta. Hemen "lock-down inteligentea" izena eman diote hartutako neurri multzoari. Kontaktu asko egoten den tokiak itxi egin ditzute eta kontaktua beste era batera antolatu dezaketen tokiei askatasuna eman zaie beste era batera antolatzeko. Garrantsitzuena izan da 1,5 metroko distantzia errespetatzea, eta amonak eta aitonak kutsatzetik babestea.

Neurri zuzenak iruditu al zitzaizkizun? Eraginkorrak izan direla esango al zenuke?

Bai, niri neurri zuzenak iruditu zaizkit. Debekatu, debekatu, ez dute horrenbeste egin. Jendeari zentzuz jokatzea eskatu diote. Pertsona helduak gara eta bakoitzak ikusi beharko genuke zein garrantsizua den neurriak betetzea. Denok batera eta denon artean egin behar dugu, eta uste du Holandako herriak, orokorrean, horrela egin duela. Neurri eraginkorrak izan direla ere iruditzen zait. Kutsatzeak asko jaitsi dira eta ospitaleetan egon den kolapsoa era pasatu da.

Nola erantzun dute herritarrek, oro har, ezarritako neurrien aurrean?

Orokorrean, ondo. Uste dut gobernuak oso komunikazio ona izan duela herritarrekin eta heldutasun handiarekin adierazi diola herriari daukagun arazoa, eta zer neurri hartu behar diren arazoa ahal den ondoen eta denon artean kontrolatzeko.

Nola edo zertan eragin dizute zeuri hartutako neurriek? Zer egin zaizu gogorrena azken hilabeteotan?

Gure umeak etxean egon dira, eskolak on line eginez, eta senarra eta ni etxetik ari gara lanean martxoaren 17az geroztik. Bestela ere ohituta gaude astean pare bat egun etxetik lan egitera. Aldaketa izan da aste osoa etxean egotea, baina gaur egun on line aritzeko dauzkagun baliabide teknologikoekin, arazo handirik gabe ari gara. Gainera, kanpora irteteko aukera izan dugu hasieratik, bizikletan buelta bat emateko, lasterka edo pasieran ibiltzeko, eta uste dut horrek psikologikoki asko lagundu duela hemen. .

Herbehereetan baino gogorrago jo du gaitzak Euskal Herrian. Azpeitiko familiak zer kontatzen zizun hemengo egoeraz?

Hemen baino gogorragoa izan da hor itxialdia, debeku asko egon dira. Nire familia eta lagunak ondo egon dira, bain etxetik irten ezina gogorra izan dela badakit.

Zer egoeratan zaudete gaur egun hor?

Umeak eskolara joaten hasi dira berriz. Hasieran, pixkanaka-pixkanaka, astean pare bat aldiz eta talde murriztuetan; joan den astelehenetik, berriz, egunero joaten hasi dira berriz. Etxetik lanean jarraitzen dugu ahal dugunok, aukera hori ez dutenei tokia utziz. Ekain hasieran tabernak eta jatetxeak ere ireki dituzte, baina neurri bereziekin, hor bezala. Jende pilaketak saihestea da kontua. Normaltasun berri batera goaz, 1,5 metroko gizartera. Garrantsitzua da distantzia gordetzea eta ondo pentsatzea zer egin eta nola egin, COVID-19a gure artean dago eta azken hilabeteetan egindako lana bertan behera botzatzea pena izango litzateke. Pixkanaka-pixkanaka irten behar dugu, denon artean.

Udan Azpeitira etortzeko asmorik bai?

Ez. Aurten etxean geldituko gara.