Ekainaren 18an zozkatuko dituzte Esklabak-Iturtzuloko bigarren faseko babestutako etxebizitzak

Uztarria.eus 2020ko eka. 9a, 20:10
Esklabak-Iturtzuloko etxebizitzen irudikapena. (Azpeitiko Udala)

Babestutako 67 etxebizitza dira guztira, 39 babes ofizialekoak (BOE) eta 28 tasatuak, eta 254 lagunek parte hartuko dute zozketetan. Soreasu antzokian egingo da zozketa, 19:00etan, baina sarrera mugatuarekin; bertan izan nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena udalaren webgunean.

Azpeitiko Udalak datorren astean, ekainaren 18an, zozkatuko ditu Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko babestutako etxebizitzak. 67 etxebizitza dira guztira, babes ofizialekoak (BOE) 37, eta erregimen bereziko 28 etxebizitza tasatu, udal sustapenekoak. 254 lagunek parte hartuko dute zozketetan; udalaren webgunean ikusgai daude onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak. Esklabak-Iturtzuloko lehen fasean babestutako beste 64 etxebizitza zozkatu zituen udalak, 2019ko urtarrilean.

Soreasu antzokian egingo dute datorren asteko zozketa, 19:00etan hasita, baina sarrera mugatua ezarri dute ekitaldirako, COVID-19aren hedapenaren kontrako neurriak aintzat hartuta egingo baitute. Horrela, antzokiaren edukieraren erdia baliatuta, gehienez 250 lagunek izango dute zozketa bertatik bertara jarraitzeko aukera. Hilaren 18an Soreasura joan nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena azpeitia.eus udalaren webgunean, hilaren 15aren 12:00ak baino lehen. 250 lagunek baino gehiagok izena ematen badute, zozketa egingo du udalak. Sureasura joan ezinda gelditzen direnek izango dute, hala ere, etxebizitzen zozketa zuzenean jarraitzeko modua, udalak zuzenean emango baitu ekitaldia bere webgunean.

Joan den urte bukaeran jarri zuen martxan udalak Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseko etxebizitzak esleitzeko prozedura. Apirilaren hasieran egin asmo zuten etxeen zozketa, baina COVID-19aren alarma egoera dela eta, prozedura administratibo guztiak etenda egon dira ekainaren hasiera arte. "Prozedurak abian jartzearekin bat, epe administratibo guztiak errespetatuz, zozketa ahalik eta azkarren egitea izan da asmoa. Badakigu herritar ugari zain dagoela, eta herritar asko eta askorentzat gai garrantzitsua dela, horregatik ez dugu prozedura luzatzerik nahi", adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Zozketaren prozedura

Zozketa egunean, lehenengo BOEak zozkatuko dituzte, eta ondoren erregimen bereziko etxebizitza tasatuak.

Bietan, onartutakoen zenbaki guztiak sartuko dituzte ontzian, eta zozketa bakoitzari dagokion etxebizitza kopurua esleitzeko adina zenbaki aterako dituzte, 39 babes ofizialekoen zozketan eta 28 tasatuenean. "Azkena ateratzen den zenbakiak itxaron zerrenda egiteko balioko du. Horrela, azken zenbakiaren hurrengoa itxaron zerrendako lehenengoa izango da zerrenda guztietan", azaldu du prozedura udalak.