Koronabirusa Azpeitian

Bihar hasiko dira berriro bolumen handiko hondakinak etxez etxe jasotzen

Uztarria.eus 2020ko eka. 9a, 16:14

Emauseko langileak arduratuko dira bolumen handiko hondakinak edo trasteak etxez etxe jasotzeaz. Horretarako, zerbitzua eskatu nahi duten herritarrek 656 78 95 74 zenbakira deitu beharko dute aurrez. Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi duenez, osasun neurriak bermatzeko herritarrek araudi bat jarraitu beharko dute langileak etxebizitzara sartu ahal izateko. Bolumen handikoen bilketa martxan jarrita, mankomunitatearen zerbitzu guztiak koronabirusaren aurreko egoerara itzuliko dira.

Koronabirusaren ondorioz, hondakinen bilketan hainbat aldaketa iragarri zituen Urola Erdiko Mankomunitateak pandemia hasi zenean, baina bihartik aurrera zerbitzu guztiak ohi bezala izango dira martxan. Mankomunitateak jakinarazi duenez, bihar ekingo diote berriro bolumen handiko hondakinak edo trasteak etxez etxe jasotzeko zerbitzuari. 

Emauseko langileak arduratuko dira bolumen handiko hondakinak etxez etxe biltzeaz. Zerbitzua jaso nahi duten herritarrek Emausera (656 78 95 74) deitu beharko dute aurrez hitzordua-eta adosteko. Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi duenez, prebentzio gisa, herritarrek araudi bat jarraitu beharko dute Emauseko langileak etxebizitzara sartu ahal izateko. 

Honako hauek dira etxez etxeko bilketa eskatzen duten herritarrek jarraitu beharko dituzten irizpideak: 

- Ezingo da etxebizitzaren barruan beste enpresaren bateko langilerik egon. Etxebizitzan obra-lanak egiten ari badira, Emauseko langileek ezingo dute etxera sartu.

- Zerbitzua eskatu duen herritarrak maskara jantzita izan beharko du momentu oro.

- Langileekin bi metroko distantzia errespetatu beharko du une oro zerbitzua eskatu duen herritarrak..

- Ezingo dute langileekin gertuko harremanik izan ez umeek ez arrisku-talderen bateko herritarrek, etxean baleude, behintzat.

- Arropa edo zapatak ematekotan, garbituta edo itxitako poltsetan sartuta eman beharko dira. 

- Emauseko langileek ez dituzte honako hondakinak jasoko: barruko arropa, garbiketa trapuak eta laneko arropa.

- Poltsa edo kaxa itxitan eman beharko dira honako hondakin hauek: jostailuak, platerak, dekorazio elementuak, aparatu elektriko edo elektronikoak, liburuak...

- Koltxoiak plastikoz bilduta emango zaizkie Emauseko langileei.

Bolumen handiko hondakinen bilketa martxan jarrita, mankomunitatearen zerbitzu guztiak koronabirusaren aurreko egoerara itzuliko dira.