Koronabirusa Azpeitian

Posta bidezko botoa telematikoki eska daiteke

Uztarria.eus 2020ko eka. 8a, 18:59

Correosen webgunean egin daiteke eskaera, sinadura elektronikoa baliatuta. Koronabirusaren pandemiak sortutako egoera tarteko ezarri du Correosek salbuespenezko neurria. Uztailaren 2an bukatuko da posta bidezko botoa eskatzeko epea.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako posta bidezko botoa modu telematikoan eskatzeko epea zabaldu berri du Correosek. Hain zuzen ere, Correosen webgunean egin daiteke eskaera, sinadura elektronikoa baliatuta. Koronabirusaren pandemiak sortutako egoera tarteko ezarri du Correosek salbuespenezko neurria; izan ere, botoa emaileen nahiz langileen osasuna zaindu nahi dutela adierazi dute posta zerbitzuko ordezkariek.

Joan zen maiatzaren 19tik eska daiteke posta bidezko botoa Correosen bulegoetan, eta orain, eskaera hori telematikoki egiteko aukera jarri dute. Dena den, modu batera edo bestera egin, uztailaren 2an bukatuko da botoaren izapideak egiteko epea.

Posta bidezko botoa telematikoki eskatzen duten herritar guztiek ekainaren 22tik aurrera jasoko dituzte boto-paperak etxean; Correoseko langile batek eramango dizkio etxera. Langile horrek boto emailearen nortasuna egiaztatu beharko du, eta behin egiaztagiria sinatuta, une horretan bertan botoa emateko aukera izango du herritarrak. Hala egiten dutenek botoa eman dutela egiaztatzen duen agiria ere sinatu beharko dute.