Koronabirusa Azpeitian

Gaur ere Gipuzkoan ez dute zenbatu koronabirus kasu positibo berririk

Uztarria.eus 2020ko eka. 7a, 16:23

Osasun Sailak jakinarazi duenez, zortzi kasu berri atzeman dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: launa Araban eta Bizkaian. Gipuzkoan gaur ere ez dute zenbatu COVID-19 kasu berririk. Gaur helarazitako datuen arabera, gaitza agertu denetik ekainaren 1era bitartean hemezortzi azpeitiarrek eman dute positibo koronabirusagatik.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zortzi koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, atzo baino lau gehiago. Araban eta Bizkaian atzeman dituzte zortzi kasuak —launa kasu bi lurraldeetan—; Gipuzkoan, aldiz, ez dute kasu berririk hauteman.

Osasun Sailak, gainera, herrikako datuak jakinarazi ditu gaur. Gaitza agertu zenetik ekainaren 1era arteko datuak eman ditu. Azpeitian hemezortzi herritarrek eman dute positibo bitarte horretan. Joan den igandean, berriz, maiatzaren 25era arteko datuak eman zituen Osasun Sailak, eta orduan ere hemezortzi ziren kutsatutakoak. Beraz, azken astean ez da kasu berririk agertu herrian.

Eskualdean, berriz, lau kasu berri atzeman dituzte maiatzaren 25etik ekainaren 1era bitartean. Zarautzen bi kasu zenbatu dituzte, eta kasu bana Orion eta Zumaian. Azterketa herriz herri eginda, ekainaren 1era arte 203 lagunek eman dute positibo Zarautzen, 54 Zumaian, 28 Orion, 22 Azkoitian, hemezortzi Azpeitian, zortzi Getarian, zazpi Aian, bost Zestoan eta hiru Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirusagatik kutsatutako herritarrik zenbatu gaitza agertu zenetik. Gaitzaren agerpenetik ekainaren 1era bitartean 348 herritarrek eman dute guztira positibo eskualdean COVID-19agatik.

Testak eta hildakoak

Guztira, 2.423 proba egin zituzten atzo; horietatik 1.884 PCRak eta 539 test serologikoak. Krisia hasi zenetik gaur arte COVID-19 gaitzak kutsatutako 20.137 kasu zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik 16.996 pertsonak jaso dute senda agiria, %84,3k hain zuzen ere; atzo 43 lagunek jaso zuten senda agiria. Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU), bestalde, hemezortzi pertsona daude gaur-gaurkoz. Azken orduetan, berriz, hiru lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.574 pertsona hil dira COVID-19 gaitza martxoan agertu zenez geroztik.