Esklabak-Iturtzuloko babestutako etxebizitzetan zimentazio losa hormigonatuko dute asteartean

Uztarria.eus 2020ko eka. 7a, 15:10

Hormigonatze lanak tarteko, ohi baino lehen hasiko dira obrak asteartean: 06:00 aldera, hain zuzen ere. Hainbat aparkaleku ez dira erabilgarri izango, eta trafikoan ere eragin dezakete lanek. Eragozpenak tarteko, udalak "barkamena" eskatu die bizilagunei.

Esklabak-Iturtzulo eremuko etxebizitzen eraikuntza lanak aurrera doaz. Datorren asteartean, ekainak 9, zimentazio losa hormigonatu behar dute, eta hori dela eta, ohi baino goizago hasiko dituzte obrak; 06:00ak aldera. Hormigonatze lan hori etenik gabe egin beharreko zeregina da, eta egun osoan arituko dira horretan.

Lan horietarako bi bonba jarri behar dituzte: bata obra eremuan, eta bestea Iñaki Azpiazu kalean. Hori dela eta, hainbat aparkaleku ez dira erabilgarri izango, eta baliteke hainbat momentutan trafikoan ere eragina izatea, kamioien joan etorria dela eta. Obrak iraungo duen denboran sortuko diren eragozpenak direla eta, aurrez "barkamena" eskatu die udalak bertako bizilagunei.