Eskerrik asko, atte!

Mailu, Ignacio eta Xabier 2020ko eka. 6a, 17:50

Herenegun hil zen Juan Jose Arakistain Pinoren senideek honako esker gutun hau bidali dute Uztarriara.

Atzoko egunez herriaren babesa eta beroa sentitu genituen. Gure aitak biziki maite zuen herri eder honen humanitatea. Bere ereduak izan behar du ezagutzeko zorte oparoa izan genuen guztion iparrorratz. Bere poztasuna eta irribarre infinitua etorriko zaizkigu gogora bera oroitzen dugun bakoitzean, gizon ona izan baita Pino, albokoari bizitza errazteko anbizio sinplea zuena bere barrenean. Horrek egiten baitzuen zoriontsu; ereiteak, emateak, haziak jartzen joateak, bueltan jasoko zituen fruitu, txalo eta eskerrei batere erreparatu gabe.

Esker mila, Barratsu danborrada taldeari. Pozaren pozez bizi izan zuen gure aitak 2020ko danborrada, bertan bete baitzituen pikatxoiaren jabe 40 urte. Pin eta guzti, gau gogoangarria izan zen inondik inora ere, berak azkena izango zela ez zekien arren. Danborradako antolakuntzan irmoki lagunduz, 18 urte besterik ez zituenean jarri zuen martxan elkarterik gabeko talde gazte bat. Ugaldu egin da talde hori, etorri gara semeak, eta 1981 hartan danborra jo zutenak semearekin ilara konpartitzen ikustea zen gure aitaren poz handienetako bat. Bere ereduari jarraitu beharko diogu, 4ko eta 6ko ilarak fin mantenduz.

Esker mila, Iraurgi saskibaloi taldeari, aitaren azken pausoetan txalo zartadaz eta taldearen atmosfera maitagarriaz laguntzeagatik. Urte luze igaro dira Izarraitz pilotalekuko partida haietan orain estatu mailan erreferentea bihurtu den klub baten lehen urratsak eman zirenetik. 2019ko abenduaren 28ko finala gutxik bezala disfrutatu zuen aitak, antolakuntzan eginiko lan titanikoa herriarentzat opari eder izango zen kopa horrek konpentsatzen zuela pentsatuta. Orduak eta orduak kiroldegian, bere bigarren etxean, bere bigarren familiarekin.

Esker mila, Izarraitz Txoko elkarteari, aitonaren herentzian jasotako altxorra izan baita hori. Zenbat festa eta zenbat irrifar egin dugun Errebalean aurkitzen den Azpeitiko elkarterik zaharrenetarikoan. Tipo Hortan eta beste zenbait girotan ere nabarmendu izan zen gure aita bateria joz, hala nola inauterietan, batukada, boxeo ring eta beste zenbait parafernalia antolatuz.

Eta azkenik, esker mila, Azpeitiko herriari. Elizkizuneko hitzetan adierazi genuen moduan, gure aitak maite zuen herri hau eta herri honek bera miresten du, atzokoan adierazi zen moduan. Hutsune galantak uzten ditu hortik zehar, bete ezinak izango direnak, baina beraren oroimenak eta orain arte egindako lanak epe luzera ere poz ederrak emango dizkigunaren konbikzioak bere falta latza arintzen lagunduko digu!

Gizon on, azpeitiar hobe eta aita paregabe, laster arte!