Jubilatuek eta pentsiodunek elkarretaratzeak berreskuratuko dituzte

Adinekoen Nazioarteko Eguneko irudi bat.

Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformak elkarretaratzea deitu du astelehenerako. 12:00etan elkartuko dira, plazan. "Ez dugu onartuko pandemiaren aurreko egoerara bueltatzea", salatu dute.

Koronabirusaren eraginez jasandako itxialdiaren ondoren, jubilatuek eta pentsiodunek elkarretaratzeak berreskuratuko dituzte datorren astelehenean, ekainak 8. Ohi bezala, Azpeitiko plazan elkartuko dira, 12:00etan. Pandemiak sortu duen krisiaren eta "pentsioen murrizketei buruzko zurrumurruen" aurrean, Jubilatu eta Pentsiodunen Plataformak "tinko" jarraituko du "pentsio duinak eskatzen eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa" aldarrikatzen.

Ezohiko egoera honetan, Jubilatu eta Pentsiodunen Plataformak elkartasuna adierazi nahi izan die "koronabirusarekin hildako guztien senideei eta hurbilekoei, bai eta arreta handiz eta maitasunez bizia arriskatuz lanean jardun duten erietxe eta egoitzetako langileei". Plataformako kideek nabarmendu dutenez, "bete" egin da "egoitzetako emakume langileek eta beste eragileek" aspaldian esaten zutena: "Pribatizazioak eta azken urteetako murrizketak agerian utzi du gure osasun zerbitzuen baliabide falta eta orokorrean zaintzan dagoen sistemaren porrota". Era berean, "ozenki salatu" dute "osasun zerbitzuaren pribatizazioa eta osasuna gutxi batzuek dirua irabazteko erabili izana, adinekoen bizitza arriskuan jartzeraino". Horren harira, gauzak oinarritik aldatu behar direla uste dute. "Ez dugu onartuko pandemiaren aurreko egoerara bueltatzea".

"Zaintza publiko eta duina"

Adinekoen zaintza "publiko eta duina" aldarrikatu dute. "Egoitzetako langileen lan baldintzen eskaerak kontuan hartzeko, etxez etxeko arreta hobetzeko eta etxe barruko langileen esklabutza sistemarekin amaitzeko" eskatu dute. "Kontuan izan behar dugu etxean familiek edo profesionalek zaindutako adinekoak askoz gehiago direla egoiliarrak baino. Azken urteetan etxean duintasunez zainduak izateko eskubidea eskatzen dugu, adinekoa bere betiko inguruan egon dadila, familiarentzat zama bat izan gabe. Adinekoen zaintza duina langileen bizi baldintza duinarekin batera ulertzen dugu".

Era berean, "hauteskunde bezperetako promesak haizeak ez ditzala eraman" eskatu dute. "Egoitza sistema publiko duin eta berria aldarrikatzen dugu, non adinekoa etxean bezala sentituko den. Egoiliar gutxi izango dituen sistema bat nai dugu, bakarkako bizilekuak izango dituena eta egoiliarrak gaitasunaren araberako arreta jasoko duena. Ez ditugu nahi egungo ratio itogarriak, eta langileek eta adinekoek kudeaketan parte hartzea nahi dugu. Egungo egoitza masifikatuak ez dira guk nahiko genukeen eredua".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide