Koronabirusa Azpeitian

Azken orduetan ez dute COVID-19 gaitzaren kasu berririk atzeman Gipuzkoan

Uztarria.eus 2020ko eka. 6a, 16:34

Osasun Sailak jakinarazi duenez, lau kasu berri atzeman dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: bat Araban eta hiru Bizkaian. Gipuzkoan ez dago kasu berririk, azken egunetako joerari eutsiz.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan koronabirusaren lau kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan. Araban bat, Bizkaian hiru eta Gipuzkoan, aldiz, ez dute kasu berririk hauteman. Guztira, 4.009 proba egin zituzten atzo; horietatik 2.708 PCRak eta 1.301 test serologikoak. Krisia hazi zenetik, COVID-19 gaitzak erasandako 20.117 kasu zenbatu dituzte hiru lurraldeetan, eta horietatik 16.923 pertsonak jaso dute senda agiria; %84,1ek, hain zuzen ere.

Azken datuen arabera, hildakoak zazpi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo baino lau gehiago. Guztira, 1.571 dira COVID-19 gaitzarekin hildako pertsonak martxotik hona. Osasun Sailaren arabera, gaur-gaurkoz hamazazpi gaixo daude ZIUn ingresatuta, atzo baino lau gutxiago.