Pirinioetako eskarmentua, Xoxoteko gailurrera

Uztarria.eus 2020ko eka. 6a, 15:43
Igor Illarramendi eta Rakel Vera, Xoxoteko aterpean. (Ihintza Elustondo)

Igor Illarramendi eta Rakel Vera dira Xoxoteko aterpearen arduradun berriak. Gaur zabaldu dute gunea, zendu berri den Iosu Vicente gogoan. "Naturaltasuna eta umore ona" aurkituko ditu hara joaten denak; "etxean bezala sentitzeko lekua" izango da. 

Igor Illarramendi (Getaria, 1970) eta Rakel Vera (Zumaia, 1976) dira Xoxoteko aterpezain berriak. Gailur horretako aterpearen ardura lehen aldiz hartu badute ere, Vera han aritu da lanean azken boladan, langile moduan. Illarramendirentzat, berriz, "erronka" izango da han lan egitea. Berrikuntzak berrikuntza, aterpezainek ez dute nolanahiko eskarmentua mendiko ostalaritzan. Verak Bujarueloko, Gorizko eta Lizarako aterpeetan lan egin izan du, eta Illarramendik hiru aterpe horietan ez ezik, baita Cap de Llauseten ere. Biek ala biek urte mordoa eman dute Pirinioetan lanean, baina orain, etxe ondora etortzeko gogoa sortu zaie. Xoxoten aterpe hartzea erabaki dute, gailurretako esperientzia motxilan hartuta.

Xoxoteko aterpearen norabidea erabat aldatu da azkenaldian, bi faktoreren eraginez: batetik, koronabirusa heldu da, eta bestetik, Beni Odriozolarekin batera gunearen ardura zuen Iosu Vicente zendu da konfinamenduan. Hori dela eta, itxita egon da azkenaldian gunea, eta orain, irekitzeko unea iritsi denean, erabakiak hartu behar izan dituzte arduradunek. Hasieran, Odriozolak aterpearen proiektuarekin jarraitu nahi zuen, Illarramendi eta Vera ondoan zituela. Azkenean, ordea, egitasmoa uztea erabaki du Odriozolak, "pena handiz". Beraz, Illarramendik eta Verak hartu dute ardura, Lagun Onak mendi bazkunaren oniritziarekin. Gainera, aterpearen kudeaketa lehiaketara atera zenean, Illarramendiren eta Veraren proiektua bigarren postuan gelditu zen —Beni Odriozolak irabazi zuen—, eta hori ere kontuan izan du mendi bazkunak.

Xoxoteko aterpeak zaindari berriak izango dituen arren, ez da asko aldatuko bertako eskaintza. "Betikoa eskainiko dugu. Haragi egosia, salda, txorizoa...  Eta horri trikiti pixka bat gehitu, eta ederra giroa; autentikoa", diote barrez. Horrez gain, guneak izango du Illarramendiren eta Veraren ukitua, haien berezitasuna: "Naturaltasuna da gure espezialitatea. Umore ona dugu, eta ahal den ondoen tratatuko ditugu hona etortzen direnak. Gustura jateko eta egoteko tokia da hau, etxean bezala sentitzeko lekua".

"Aspaldiko lagunak" dira Vera eta Illarramendi, mendiko ostalaritzan egin duten ibilbidea tarteko. Lanbide horrek badu zerbait, biak erabat harrapatu dituena. "Berezia da. Lan egiten duzun aterpean bizi ohi zara, eta oso esperientzia intentsoa izan ohi da. Itsasontzi batean bizitzea bezala da", azaldu du Verak. Gainera, lana ez da batere errepikakorra, Illarramendiren iritziz. "Denetarik egin behar duzu lanbide honetan. Hodi bat puskatzen baldin bada, konpondu egin behar duzu. Sukaldean jakin behar duzu, komunak garbitu behar dituzu, jendearekin egoten zara... Nik beti esaten dut: 'Denean aldrebesak gara, baina dena egiten dugu'. Eta askatasuna ere ederra da; ordu libreetan buelta batzuk eman ditzakegu mendian. Ederra da hori", adierazi du Illarramendik.

Kostaldetik lehorrera

Ez dago ukatzerik biek dutela mendiarekiko atxikimendua. Illarramendi "betidanik" ibili izan da mendian: "Lasterketak, martxak eta eskia egin izan dut, eta horregatik hasi nintzen mendiko aterpeen munduan murgiltzen". Vera, berriz, kanpotarra da berez, bere burua zumaiartzat badu ere, eta Euskal Herrira iritsi zenean, "erabat maitemindu" zen inguruotako mendiekin. "Asko ibili izan naiz mendian: oinez, bizikletaz, eskalatzen... Naturarekin harremana izatea gustatzen zait. Mendian ibiltzen garenok hori bilatzen dugu, ez kirola egitea bakarrik. Natura, lasaitasuna, bakarrik egoteko unea... hori dena da mendia".

Kostaldekoak izanagatik, Azpeitiko gailurrera etorri dira lanera Illarramendi eta Vera; ez dago ukatzerik Xoxote eta inguruak maite dituztela. Illarramendi inguruotan asko ibilitakoa da. "Beti gustatu izan zait Izarraizko bailara. Orain, gainera, etxetik hurbilago egongo naiz, hainbeste urte eman ditut Pirinioetan... Gainera, azpeitiar nahiz azkoitiar asko ezagutzen ditut, eta harreman ona daukat haiekin. Azpeitiarrak eta azkoitiarrak sanoak dira, 'natualak', eta hori ere baloratzen dut".

Verari "talaia" moduko bat iruditzen zaio Xoxote. "Pirinoetan mendian gaude, eta kito. Baina hau, era berean, itsasoa ikusteko leku berezia da. Nahasketa oso berezi hori dauka. Gainera, oso leku euskalduna da. Ni berez kanpotarra naiz, eta gustatu egiten zait autentikotasun hori. Euskaraz bizitzeko leku aproposa da hau. Erreferentzia bat da Xoxoteko aterpea".

Ostatua, ekainaren 22an

Tabernako zerbitzua gaurtik aurrera egongo da martxan. Urte guztian zabalduko dute aterpea: neguan, astegunetan itxita izan ohi da; eta urteko beste sasoi guztietan, astegunetan eta asteburuetan zabalduko dute. Orain, beraz, egunero egongo da zabalik. Hori bai, ezohiko egoera tarteko, neurri bereziak hartu beharko dituzte arduradunek. "Gela eta manparak jarriko ditugu, eta  garbitasuna zainduko dugu une oro. Beste tabernetan hartzen dituzten neurri berak hartuko ditugu guk ere", azaldu dute.

Ostatu zerbitzua, berriz, ekainaren 22an zabalduko dute, deseskalatze faseen araudian inolako aldaketarik ez baldin bada. Kasu horretan ere aplikatu beharko dituzte segurtasun neurriak: etxe ezberdinetako jendea joanez gero, distantzia zaindu beharko dute oheen artean, eta ezingo dute mantarik eta burkorik banatu; norberak eraman beharko ditu etxetik.

Momentuz, urtebeterako kontratua sinatu dute Verak eta Illarramendik Lagun Onak mendi bazkunarekin, baina haien asmoa aterpea gidatzen denbora gehiagoan jarraitzea da. "Gu eta mendi elkartekoak gustura baldin bagaude, jarraitu egingo dugu. Gustuko dugu lana eta lekua. Akatsak egingo ditugu, baina saiatuko gara gauzak ahalik eta ondoen egiten".

Gaur, larunbata, zabaldu dute aterpea, "ilusio handiz". Dena den, ezin izango dute nahiko luketen bezalako ospakizun eta irekiera jairik egin, osasun krisia tarteko. Hori bai, aurrerago, egoerak horretarako aukera ematen duenean, Iosu Vicenteri omenaldia egingo diote. "Hura gogoan izango dugu bide berri honetan". Horrez gain, Odriozolari eta Lagun Onak mendi bazkunari eskerrak eman nahi dizkiete, haiek gabe ez ziotelako erronka berri honi helduko.