Gatibuk kontzertua eman du Sanagustinen, Naiz Kontzertuak egitasmoaren barruan

Uztarria.eus 2020ko eka. 6a, 11:08

Naiz Kontzertuak egitasmoaren barruan, Gatibu taldeak kontzertua eman zuen atzo, ostirala, Sanagustin kulturgunean. 22:00etan hasi zen saioa, eta emanaldia streaming bidez ikusi ahal izan zuten herritarrek, bost euro ordainduta. Naiz hedabideak jakinarazi duenez, 3.400 sarreratik gora saldu zituzten. Gainera, Kulturaz kooperatibak emanaldia kulturgunean bertan ikusteko hamabost sarrera bikoitz zozkatu zituen Kultur Bonoa dutenen artean, eta beraz, ikusle gutxi batzuk ere izan ziren atzoko saioan.

Koronabirusaren krisiak kaltetutako musika taldeei laguntza ekonomikoa emateko, euskal musikaren industria babesteko zein horrek kulturari egiten dion ekarpenari balioa emateko jarri du martxan Naiz.info-k Naiz Kontzertuak egitasmoa. Gatiburen kontzertuaz gain, beste bi emanaldi ere Sanagustin kulturgunean izango dira; hain zuzen ere, Nogenek ekainaren 12an eskainiko du saioa eta Zetakek ekainaren 19an.

Nogen eta Zetak taldeen kontzertuetarako sarreren zozketa ere egingo du Kulturazek; Kultur Bonoa duten herritarrek parte hartu ahal izango dute zozketa horietan ere. Dena den, kontzertuetako baterako sarrerak eskuratzen dituzten herritarrek ezingo dute hurrengoetarako zozketetan parte hartu.

Kontzertuak streaming-ez

Kontzertuak etxetik ikusteko sarrerak Naiz-eko harpideek ere eskura ditzakete dagoeneko 2,5 euroren trukean. Naiz-eko harpide ez diren herritarrek bost euro ordaindu beharko dute emanaldi bakoitzerako sarrera –hamar euroko elkartasun bonoa ere izango da–.

Kontzertuetako sarreretatik eskuratutako dirua taldeei eta kontzertu aretoei ekonomikoki laguntzeko baliatuko du Naiz-ek; izan ere, alarma egoeran eta konfinamenduan beren jarduna gelditu behar izan dute horiek. Gainera, ekarpen ekonomikoa tarteko kalitatezko ikus-entzunezko produktuak kaleratu ahal izango dituela azaldu du Naiz-ek; Fokuk eta Taom-ek ekoitziko dituzte emanaldiak.

(Argazkiak: Naiz eta Kulturaz)