Euskara maila hobetzeko aurrez aurreko nahiz online ikastaroak eskainiko ditu Udal Euskaltegiak udan

Uztarria.eus 2020ko eka. 5a, 19:18

Uda sasoian B2 eta C1 mailetako ikastaro trinkoa egiteko aukera eskainiko du Udal Euskaltegiak. C1 mailako ikastaroak online egiteko aukera izango dute interesa dutenek. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, eta ekainaren 17a izango da horretarako azken eguna. 

Azpeitiko Udal Euskaltegiak euskara maila hobetu nahi dutenentzako ikastaroak eskainiko ditu udan. Hain zuzen, B2 eta C1 mailetako ikastaroak prestatu dituzte datozen hilabeteetarako. Ekaina hastearekin batera ireki du Udal Euskaltegiak B2 eta C1 mailetako ikastaro trinkoa egiteko matrikulazio epea, eta irekita izango da ekainaren 17ra arte.

Aurten lehen aldiz, C1 mailako ikastaroak online eskainiko dituzte. C1 mailako ikastaroa egin nahi dutenek ekainaren 29tik irailaren 18ra artean egiteko aukera izango dute. 70 orduko ikastaroa izango da, eta udalak azaldu duenez, "ikasleek beren erritmora egokitzeko aukera" izango dute. Eneritz Albizu Euskara batzordeburuaren arabera, ezohiko egoera honek erakutsi du "beharrezkoa" dela online baliabideak txertatzea euskararen ikaskuntzan: "Euskara ikasi nahi duten pertsonei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko ari gara lanean, C1 mailarekin hasi gara, baina datorren ikasturtera begira hori zabaltzea da helburua". 

Aurten ohi baino beranduago egingo dira titulu ofizialak ateratzeko azterketak, baina, udalak uda sasoian ere euskara ikasteko edo hobetzeko aukera eskainiko du. Erakundeak jakinarazi duenez, prebentzio neurri guztiak jarraituta eskainiko dituzte ikastaroak, eta gehinez ere zazpi laguneko taldeak osatuko dituztela azaldu du.

Saio bereziak maila baxuko ikasleentzat

Ikasturtean zehar maila baxuenetan ibili diren ikasleei ere saio bereziak eskainiko dizkie Udal Euskaltegiak. Udalak azaldu duenez, "saio horien helburua da alarma egoera garaian online egindako lanari errepaso bat ematea eta euskaraz egiteko gaitasuna indartzea". Saio horiek hautazkoak izango dira, eta ikasle guztiek izango dute aukera eskola horiek hartzeko. Albizuk nabarmendu du konfinamenduak euskararen erabileran ere eragingo ziela ikasleei, eta, batik bat, maila baxuenekoei. "Badakigu, askotan, oinarrizko mailatan dauden ikasleek zailtasunak dituztela ingurukoekin euskaraz aritzeko, eta ulertzen dugu bereziki horiei lagundu behar zaiela. Ikasleek saiakera berezia egin dute eskolak telematikoki jarraitzeko, eta beharrezkoa ikusi dugu aukera hau jartzea, ikasitako indartzeko eta ahozkoari ere garrantzia emateko", adierazi du Euskara batzordeburuak. 

Halaber, Koronabirusaren eta konfinamenduaren testuinguruan ikasleek nahiz Udal Euskaltegiko langileek egin duten lana nabarmendu du Albizuk: “Egoerara egokitzeko esfortzu handia egin dute, eta etorkizunera begira ikasleentzat zerbitzua hobetzeko bideak lantzeko prest egon dira uneoro".

Duela zenbait urte jarritako beka sistema tarteko, euskara doan ikas daiteke Azpeitian,eta herritarrek duten aukera hori gogoratu du Albizuk. "Badakigu konpromisoa eskatzen duela euskara ikasteak, eta bidea apurka egin behar dela. Horregatik, erraztasunak ematen saiatzen gara udaletik. Aurten ere ikasleek izango dute aukera doan euskalduntzeko, gutxiengo asistentzia bat betez gero. Euskara ikasteko bidean, herritarren ondoan egongo gara beti".