Koronabirusa Azpeitian

Haurren eta menpekotasuna duten herritarren zaintzarako kontratazioak egiteko dirulaguntzak eskainiko ditu udalak

Atzo hezkuntza eragileetako eta udaleko ordezkariek egin zuten bilerako irudia. (Azpeitiko Udala)

Hezkuntza eragileek eta Azpeitiko Udalak erabaki dute aurten udaleku irekirik ez egitea herrian. Hori dela eta, 0 eta 14 urteko umeen nahiz menpekotasuna duten pertsonen zaintzarako kontratazioak diruz lagunduko ditu udalak. Zaintza lanetan aritu nahi duten herritarren lanpoltsa ere osatuko du, familiei kontratazioetarako laguntza eskaintzeko xedez. Zaintza lanei balioa eman eta herritarren kontratazioak bultzatu nahi ditu udalak.

Haurren eta menpekotasuna duten pertsonen zaintza lanetarako kontratazioak bultzatzeko dirulaguntza sistema jarri du martxan Azpeitiko Udalak. Bi helbururekin zabaldu dute laguntza lerroa: kontziliaziorako bide izatea eta sustapen ekonomikoan eragitea. Datozen egunetan argitaratuko dituzte dirulaguntzaren gaineko xehetasunak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta herritarrek urriaren 30era arte izango dute eskaerak aurkezteko epea.

Erakundeak azaldu duenez, COVID-19ak eragindako krisialdia hasi zenetik izan du zaintza lanen inguruko kezka. Hain zuzen, martxoan zaintzara bideratutako dirulaguntza lerro bat ezarri zuen udalak, eta orain kontratazioak gauzatzeko laguntza lerroa jarri du abian. Udalak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak lan eszedentzietarako edo lanaldiaren murrizketetarako dituen laguntzak osatu nahi ditu. COVID-19ak herritarren artean sortutako arazoei irtenbidea emateko xedez, Sustapen Planaren barruan sartu dute dirulaguntza lerro berria.

Kontrataziorako dirulaguntzekin batera, menpekotasuna duten pertsonak nahiz 0 eta 14 urte bitarteko umeak zaintzeko prest dauden herritarren lanpoltsa osatuko du udalak, herritarren arteko harremana errazteko helburuz. Lanpoltsan izena eman nahi dutenek ekainaren 12ko 12:00ak arterako epea izango dute curriculumak gib@azpeitia.eus helbidera bidaltzeko edo Gazte Informazio Bulegora (astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:00etara) eramateko aukera.

Lanpoltsan sartzeko ezinbestekoa izango da 16 urte izatea eta euskaraz jakitea; gainera, Azpeitian erroldatutako pertsonek izango dute lehentasuna. Udalak adierazi duenez, ekainaren 12tik aurrera ere sartu ahalko dute herritarrek lanpoltsan, baina aurretik izango dituzte epe barruan izena emandako pertsonak.

Lanpoltsa osatuta, ekainaren 15etik aurrera izango dute familiek Gazte Informazio Bulegoarekin harremanetan jartzeko aukera, eta zerbitzu horren bidez bideratuko dituzte kontratazioak. Zalantzak dituzten herritarrek Gazte Informazio Bulegora jo, gib@azpeitia.eus e-postara mezua idatz edo 943-15 71 60 telefono zenbakira dei dezakete.

Udalekuak bertan behera

Atzo, osteguna, bilera egin zuten udaleko eta hezkuntza eragileetako ordezkariek, uneko egoeraren azterketa egin eta aurrera begirako urratsak adosteko. Bileran erabaki zuten udaleku irekirik ez egitea herrian; izan ere, udalaren arabera, gaur egungo prebentzio neurriekin ezinezkoa litzateke haurren behar sozial eta afektiboak asetzea.

Hori dela-eta eskainiko ditu udalak familien zaintzarako zailtasunei erantzuteko laguntzak. Hala azaldu du Nagore Alkorta alkateak: "Horrelako egoera nahasi eta zail batean, familiei kontziliaziorako baliabideak eskaini nahi dizkiegu. Jakitun gara zaintza lanak emakumeen zein aiton-amonen esku geratzen direla sarri, baina pandemia egoeran aiton-amonak babestea ere bada helburua. Zaintzarako laguntzen bidez hori ere lortu nahi dugu".

Bestalde, zaintza lanei balioa eman nahi dietela eta kontratazioak gauzatu nahi dituztela ere adierazi du hark. "Zaintza lanetan kontratuarekin eta baldintza duinetan aritzea bultzatu nahi dugu. Zaintza lanak sustapen ekonomikoaren barruan kokatzea sektore ekonomiko horri aitortza egitea ere bada". Alkortaren arabera, egiten den lan guztia errekonozitzeko urrats bat eman nahi du Azpeitiko Udalak martxan jarri duen egitasmoarekin.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide