Koronabirusa Azpeitian

Koronabirusak Gipuzkoako herritarren %2,6 kutsatu ditu

Gipuzkoan 18.800 eta Hego Euskal Herrian ia 124.000 kutsatu egon dira, kopuru ofizialek diotena halako lau. Horrek esan nahi du herritarren gutxiengo bat kutsatu dela, eta osasun zerbitzuek kutsatuen gutxiengo bat atzeman dutela. Talde immunitatetik urrun dago Hego Euskal Herria; herritarren %60 inguru kutsatu beharko lirateke immunitate maila hori lortzeko.

Espainiako Gobernuak eta Karlos III.a Institutuak atzo jakinarazi zituzten seroprebalentzia azterketaren bigarren neurketaren datuak, maiatzaren 18tik ekainaren 1era bilduak. Horien arabera, Gipuzkoako herritarren %2,6 eta Hego Euskal Herriko herritarren %4,3 kutsatu ditu koronabirusak. Maiatzaren erdialdera kaleratu zituzten datuek erakutsi zuten Gipuzkoako biztanleen %2,4 eta Hego Euskal Herriko biztanleen %4,4 kutsatu zituela birusak. Datuetan alde handirik ez da egon, beraz.

Portzentajeak herritarren kopurura estrapolatuz gero, Gipuzkoan 18.800 eta Hego Euskal Herrian ia 124.000 kutsatu egon dira, kopuru ofizialek diotena halako lau. Horrek esan nahi du herritarren gutxiengo bat kutsatu dela, eta osasun zerbitzuek kutsatuen gutxiengo bat atzeman dutela. Lehen neurketak erakutsi zuen talde immunitatetik urrun dagoela Hego Euskal Herria, eta bigarreneko datuek berretsi egin dute. Herritarren %60 inguru kutsatu beharko lirateke immunitate maila hori lortzeko.

Birusak izan duen intzidentziaren estimazio bat da azterketa: ausaz aukeratutako hainbat herritarri G immunoglobulina neurtzeko test azkarrak egiten dizkiete, SARS-CoV-2 birusaren antigorputzik duten jakiteko. Gipuzkoan 1.019 laguni egin dizkiete testak bigarren neurketan, eta 4.750 laguni Hego Euskal Herri osoan.

Ikerketa horren bitartez, argazkia ateratzen diote birusaren zabalkundeari, eta, ikerketak berriz eginda, haren bilakaera ere aztertzen dute. Baita aztertutakoen immunitatea ere, antigorputzen bidez. Pertsona horiei hirugarren neurketa ere egingo diete, eta orduan ondorio orokorragoak aurkeztuko dituzte, ekainaren amaieran. 

Espainiako Osasun Ministerioaren seroprebalentzia azterketaz gain, Jaurlaritza eta Osasun Saila beste bat egiten ari dira, haren osagarria: epidemiaren garairik gogorrenean, otsailaren 28tik apirilaren 15era, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak zituztela jakinarazi zutenei baina gaixotasuna zuten egiaztatzeko probarik egin ez zietenei. 4.147 pertsona dira guztira.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide