Izarraitz, zerutik

Ez ohiko ikuspegi batetik, dronea erabiliz, Izarraitzeko mendilerroa grabatu du Ainara Garcia argazkilariak, eta Interneten jarri du ikusgai. Konfinatuta egon den bitartean, paisaia horrekin amestu du gehien, eta aitzakia hori baliatu du bertara joan eta dronearekin irudiak hartzeko.

Plazaratu berri duen bideoarekin duela hamar urte hasitako proiektu bati heldu dio berriro. Euskal Herriko hainbat txokotako irudiekin osatutako proiektua da, eta horren inguruko azalpenak eman ditu Garciak: "Euskal Herrian paisaia politak ditugu emateko eta hartzeko, eta bereziki, Izarraitz mendikatea. Egunero ikusten dudan mendiakatea da, esnatzean leihotik begiratzen dudanean. Eta horren falta izan da gehien sumatu dudana konfinamenduaren azken aste hauetan. Beraz, ez zitzaidan Youtubeko itzulerarako bideo hau baino hoberik bururatzen. Honekin, argazkilari bezala, nire hastapenetako proiektu batera itzuli naiz: duela hamar urte inguru, Euskal Herriko paisaia politenen argazkiak egin nituen, gero erakusketa batean erakusteko. Eta uda honetan, egoera ikusita, askok etxetik gertu turismoa egitea aukeratuko dugunez, proiektu hura berreskuratu dut, baina oraingoan, formatu berri honetan". 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide