Euskararen gaineko hamabi galdera alderdiei

Josu Albero, Pako Aristi, Laxaro Azkune eta beste 84 euskaltzalek honako gutun hau idatzi dute, martxan jarri duten egitasmoa azaltzeko. Hauteskundeak ate joka direla eta, euskaltzale hainbatek alderdiengana jo du horiek euskararen aldeko zer-nolako sentsibilitatea duten jakin nahi dutelako.

Galdetegi hau sinatu dugun euskaltzaleok kezkaturik gaude euskararen erabilera oso apala delako, oro har. Administrazioaren menpe dauden hainbat arlo garrantzizkotan euskaldun gisa ditugun eskubideak urratuak dira behin eta berriz, zer esanik ez eremu pribatuan. Postetxera joan eta erdaraz egin behar; polizia edo ertzain etxera joan edo justizia jauregira eta beste horrenbeste; hedabideetan, euskarazko eskaintza oso eskasa erdarazkoaren aldean; konfinamendu garaian euskarak era guztietako komunikazioetan pairaturiko bazterkeria; Gasteizko Legebiltzarrean bertan ere hizkuntzaren erabilera apalegia...

Mendetako bazterkeria jasan ondotik, neurri ausartak eta irmoak behar ditugu, eta hauteskunde garaiko promesak promesa hutsean ez gelditzea.

Laster bozak ditugula eta, alderdien atea jotzea erabaki dugu euskararen aldeko zer-nolako sentsibilitatea duten jakin nahian, eta hor beheko hamabi galdera horiei emandako erantzunen arabera, geure ondorioak atera ditzagun.

Botoa ematera joan baino lehen izango duzue jasotako erantzunen gaineko balorazioaren berri.

1. Kezkarik baduzue, oro har, euskararen erabilera oso apala delako gure gizartean?

2. Irakaskuntza ez unibertsitarioari dagokionez, euskararen unibertsalizaziorako hain garrantzizkoa den 16 urte bitarteko epealdi horri begira jarrita, ikastetxe sare ezberdinak kontuan, ereduen birmoldaketa beharrezkoa ikusten duzue, DBH amaieran, ikasleek euskararen maila on bat lor dezaten? Zein estrategia ikusten duzue beharrezkoa horretarako? Curriculumean aldaketarik egingo zenukete euskal gai gehiago sartze aldera?

3. Lanbide heziketaren euskarazko eskaintzari buruz, zer diozue?

4. Unibertsitate publiko eta pribatuez den bezainbatean?

5. Tokiko administrazioan, autonomikoan, eta zer esanik ez estatalean, UEMAko udalerrien salbuespenarekin, gaztelera da nagusi erabilera hizkuntza gisa, eta maiz zerbitzu hizkuntza gisa ere. Zer neurri proposatzen dituzue euskararen erabilera normalizatzeko zerbitzu hizkuntza gisa eta lan hizkuntza gisa?

6. Bozetan hautagai izateko bi hizkuntza ofizialen ezagutza eta erabilera derrigorrezkoa izatea ondo ikusiko zenukete? Zer egiteko prest zeundekete euskara ohiko hizkuntza izan dadin legebiltzarrean?

7. EITB hedabide publikoari dagokionez, ETB1en audientzia %2tik beherakoa da. Zein urrats jotzen dituzue beharrezko ETB1ek galdua duen prestigioa eta audientzia berreskuratze bidean jartzeko? Zer egin dezake ETB2k normalizazioaren helburu horri begira? Eta Radio Euskadik? Nahikoa irizten diozue sortzaile euskaldunen lanen hedapenari EITBn?

1982ko Euskararen Normalizaziorako Legearen III. kapituluan, hauxe jasotzen da: «Hedabideetan euskararen presentzia areagotzera bideratutako neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak, hizkuntza ofizial bien erabilera arian-arian berdintzeraino». Norabide horretan, zer neurri proposatzen duzue?

8. Lan arloa euskalduntzeari dagokionez, lehenbizi, zenbateraino lagundu dezake administrazioak enpresa pribatuek euskaldunen eskubideak aintzat har ditzaten?

9. Kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak bermatze aldera, zer neurri hartzea duzue pentsatua saltokietako zerbitzu hizkuntzari dagokionez eta produktuen etiketaje kontuan?

10. Gure mundua gero eta digitalagoa dela kontuan harturik, alor horretan euskarari benetako bultzada emateko zer duzue aurreikusia?

11. Uste duzue gaur egun EAEk dituen eskumenekin, euskararen normalizazioa aurrera eraman daitekeela aski arrakastarekin, epealdi arrazoizko batean? Zuen ustez EAEko biztanleek, euskaraz dihardutenean, gaztelaniaz dituzten [hizkuntz] eskubide berberak izan beharko lituzkete?

12. 1982ko Euskararen Normalizaziorako Legea aldatzeko beharrik ikusten duzue?

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide