Koronabirusa Azpeitian

Herritarron casting-a

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2020ko eka. 20a, 10:24

Irati Arangurenek 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da hau.

Bota zuten txupinazoa, eta atera ginen kalera. Kalean jarraitzen dugu oraindik, eta hala jarraitu nahi genuke. Baina zer egin horretarako? Ziur al gaude konfinamenduan gauza asko ikasi ditugula? Etorkizuna herritik hasi behar omen dugu eraikitzen, elkar zainduz eta lagunduz. Hori hala, txupinaren ondorengo lasterketa ongi hasi dugula uste al duzue?

Azkenaldian, ahoz aho dabilen gaia da mugena. Zer ote hobe gure osasunerako, mugak irekitzea edo itxita mantentzea? Nire aburuz, osasuna eta baloreak lotuta doaz. Niri behinik behin, osasuna jaten dit balore gutxiko jendeak. Hori horrela, argi dut mugak, batzuentzat bada ere, irekitzeko beharra dagoela etorkizun osasuntsua herritik eta herriarentzat eraikitzen hasi nahi badugu.

Herritarrak, babarrunak beratzen jartzeko egin ohi den gisan, banan-banan behatu eta bitan sailkatuko nituzke: balore jatorrak dituztenak, herrian; eta ez dituztenak, muga ireki eta kalera!

Etxetik irteteko baimena eman eta hiruzpalau egunera, patinak jantzi eta bidegorrira abiatu nintzen. Bi minutu pasatzerako, zakur bat nuen atzetik lasterka, hura zaunkaka eta ni larrituta, frenatu bai-ezean, oreka mantendu nahian. Gelditu eta jabeari zuzendu nintzaion, zakurra ezin zuela solte eraman adierazteko. Oldartu egin zitzaidan!

Hantxe hasi zen nire babarrun aukeraketa! Txakur jabe adeitsua, kalera! Okindegira pertsona bakarra sartzeko baimena eman zutenean, barruan norbait zegoela sartu eta arreta deitzean harrotu zinen hori, mugaz kanpora! Zu, lehen txakurra paseatzeko aitzakian kalera hamar aldiz atera ohi zinen eta orain txakurra terrazara eraman eta han lotzen duzun hori, kalera! Zu, etxeko harremanak tarteko, zure bizitza salbatzeko txakurra hamabost aldiz paseatzera ateratzen zenuen hori, onartzen zaitugu herrian! Zu, terrazan lejia bat eskatu eta garagardoa atera zenidan zerbitzari hori, zu ere onartzen zaitugu! Eta zu...