Martxan da Sarralle Grow beka deialdia

Uztarria.eus 2020ko eka. 2a, 11:59

Sarralle enpresak gizonen eta emakumeen arteko teknologia arrakala geldiarazteko eta zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia sendotzeko jarri du martxan deialdia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren eta datorren urtean zientzia arloko unibertsitate ikasketak hasiko dituzten 18 eta 25 urte bitarteko emakumeek izango dute aurkezteko aukera. Mila euroko bi beka banatuko dituzte.

Gizonen eta emakumeen arteko teknologia arrakala geldiarazteko eta zuzendaritza postuetan emakumeen presentzia sendotzeko, Sarralle enpresak Sarralle Grow beka programa jarri du martxan bigarren urtez jarraian. Milana euroko bi beka emango ditu enpresa horrek aurtengoan ere, eta bekaren sustatzaileek deialdia aurreratzea erabaki dute, COVID-19a dela-eta "familia asko sufritzen ari diren estualdiari aurre egiten eta zailtasunak aritzen laguntzeko".

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren eta datorren urtean zientzia arloko unibertsitate ikasketak hasiko dituzten 18 eta 25 urte bitarteko emakumeek izango dute beka deialdira aurkezteko aukera; horiek aurreko ikasturteko ikasgai guztiak gaindituta izan beharko dituzte. Bekak eskuratzen dituzten herritarrek ikasketetako ikasturte bakoitzean jasoko dute mila euroko dirulaguntza, eta gainera, Sarralleko ingeniaritza eta korporazio sailetan ordaindutako praktikak egin ahal izango dituzte uda sasoian, baita gradu amaierako proiektuak gauzatu ere.

Beketako bat zientzietako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako gradu bikoitzeko ikasketak egiten hasten diren emakumeen artean banatuko du Sarrallek; eta bestea honako gradu bikoitz hauek edo antzekoak hasiko dituztenen artean: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritza; Negozioen Kudeaketa eta Lan Harreman eta Giza Baliabideak; Ingeniaritza Mekanikoa eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza; Zuzenbidea eta Lan Harremanak; Nazioarteko Harremanak eta Zuzenbidea; eta Zuzenbidea eta Komunikazioa.

Emakumeak ikasketa zientifikoetara bultzatu nahi ditu Sarrallek bekaren bidez, eta gainera, COVID-19aren eraginak jasan dituzten familiei lagundu nahi die, horiek seme-alaben unibertsitate ikasketen aldeko apustua egin dezaten. Izan ere, Sarralleko ordezkariek azaldu dutenez, lau emakumetik batek hautatzen ditu unibertsitate ikasketa zientifikoak: "Gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiaraztea da xedea; izan ere, sektore horietan emakumeen jarduera tasa gizonena baino askoz apalagoa da, askotariko arrazoi kultural eta sozialengatik. Gainera, emakumeek beren ibilbide profesionalean aurrera egiten duten heinean, gero eta emakume gutxiago iristen dira zuzendaritzako eta ardura handiko postuetara, kristalezko sabai eta korridore horien eraginez".

Eskaerak egiteko epea, zabalik

Beka deialdira aurkeztu nahi duten ikasleek uztailaren 15era arte izango dute eskaerak egiteko epea, eta irailaren 11ra arte agiriak aurkeztekoa. Eskaerak Sarralleren webguneko Careers atalean dagoen inprimakia beteta egin beharko dira, eta eskatutako agiriak ere bertan erantsi beharko dituzte. Nahi duenak seleccion@sarralle.com helbidera ere bidal ditzakete agiriak, Becas Grow izenburupean.

Bekak jasoko dituzten bi lagunen izenak irailaren 8an jakinaraztea aurreikusten du Sarralle enpresak, baina data hori atzeratu daitekeela jakinarazi du, COVID-19ak selektibitateko data atzeratzen baldin badu.

Iaz lehen edizioa

Beka deialdia iaz jarri zuen martxan Sarrallek, eta bi ikaslek jaso zituzten dirulaguntzak: Leire Martinek eta Malen Sanz Ruiz de Erentxunek. Horiek Sarralle enpresak egingo dituzte praktikak aurtengo udan, baina koronabirusa dela eta, telematikoki gauzatuko dituzte.