Nagore Alkorta: "Inor atzean ez uztea izan dugu helburu"

Uztarria.eus 2020ko eka. 2a, 14:18

Laster beteko da urtebete Nagore Alkortak (Azpeitia, 1978) Azpeitiko alkate kargua hartu zuela. Agintaldiko lehen urteaz aritu da hizketan, azken aste eta hilabeteetan COVID-19ak sortu duen egoera eta bizi izan dutena ardatz hartuta.

Koronabirusak hartu du azken hilabeteetako agenda politikoa. Nola ari zarete bizitzen egoera?

Intentsitate handiarekin. Martxoaren 14an deklaratu zuten alarma egoera, eta bederatzi aste oso biziak izan dira, erabaki asko eta azkar hartzea egokitu baitzaigu. Egoerari erantzuteko, beharrezkoa izan da herritarrekin elkarlanean aritzea. Udaleko baliabideez gain, ezinbestekoa izan da elkartasuna, eta norbanakoek, taldeek zein enpresek egin duten lana eskertu nahi dugu. Herritarrek jotzen duten lehen atea udaletxekoa izaten dela ikusi dugu, eta helburu garbi batekin aritu gara: inor atzean ez uztea. Horretarako, aldaketa asko egin behar izan ditugu, baita zerbitzu asko indartu ere, batez ere gizarte zerbitzuen arloan. Beharrak hauteman behar izan ditugu, eta horretarako ezinbestekoa izan da boluntarioekin egin den lana: 70 urtetik gorako herritar denei deitu zaie zer behar dituzten jakiteko, oinarrizko elikagaien banaketa egin da, maskarak banatu ditugu… Lehen erantzuna modu osoan eman nahi izan dugu, eta 1,7 milioi euro bideratu ditugu neurri desberdinetara. Dena den, badakigu hau ez dela hemen bukatzen; badakigu asteak aurrera joan ahala, ziurrenik beste laguntza edo ekintza batzuk jarri beharko ditugula martxan. Udal Gobernua prest dago horretarako, baditu baliabideak eta gaitasuna, baina une gogorrak izango dira, eta denon artean egin beharko diogu aurre erronkari.

COVID-19ak gogor jo ditu zenbait herri. Azpeitian hemezortzi kasu soilik atzeman ditu Osakidetzak. Zein izan da kasuak ez areagotzearen gakoa?

Datu pozgarria da, eta hala segitzea nahi nuke. Euskal Autonomia Erkidegoko 10.000 biztanletik gorako herrien artean kutsatu gutxien izan dituena da Azpeitia. Ez dakit zientifikoki azaltzen zergatik ditugun hain kutsatu gutxi, baina prebentzio neurriak hartu dira, esfortzu handia egin da eta kontziente izan gara arazoaz. Hasierako egunetan beldur ginen, baina ematen du hedapena gelditu dela, eta horrek lasaitasuna ematen du.

Diru kopuru handia bideratu duzue gizarte premiei erantzutera. Zertan jarri duzue arreta?

Neurriak berehala hartuta, oinarrizko beharrizanei erantzun nahi izan diegu. Bagenuen gizarte larrialdi egoerarako 362.000 euroko dirulaguntza bat; ordainketak ahalik eta azkarren egiten saiatu gara eta laguntza hori eskuratzeko baldintzak malgutu egin ditugu. Ditugun giza eta ekonomia baliabideak beharrei azkar erantzutera bideratu ditugu, inor bazertuta ez sentitzeko eta udalak oinarrizko beharrei erantzuteko gaitasuna baduela ikusarazteko. Elikagai Bankuan egin den lana eskertu nahiko nuke aurrena; izan ere, bi hilabetean behin egiten da berez banaketa, baina apirilean ere gauzatzea erabaki zen. Ezohiko banaketa horretan 90 familia izan ziren onuradunak, eta oker ez banago, 36 izan ziren berriak.

Apirileko datuen arabera, langabezia tasak puntu bat egin du gora urte hasieratik Azpeitian. Joera hori berretsiko den sentipena al duzu?

Martxoaren amaieran ikusten zen langabetu kopurua pixka bat goraka zihoala, eta apirileko datuen arabera, %8,4tik %9,4ra igo da langabezia tasa urte hasieratik. Euskal Autonomia Erkidegoko, Gipuzkoako eta eskualdeko tasa baino zertxobait baxuagoa da Azpeitikoa, baina ikusten da goraka doala. Enpresa eta eragileekin izan ditugu lehen hartu-emanak, eta antzeman dugu oraindik ez garela iritsi muturrera; izan ere, aurretik zituzten eskaerei-eta ari dira erantzuten, eusten ari dira eta askok lana aldi baterako erregulatzeko txostenak ezarri dituzte. Txosten horiek bukaera izango dute, baina ez dakigu horiek lana erregulatzeko txosten izatera pasatuko diren edo lan munduan lehengo gisan txertatuko diren. Uda pasatzean, langabezia tasa igo egingo dela uste dut, eta lanik gabe gelditzen diren herritarrei baliabideak eskaintzera bideratu beharko dugu energia.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.