Koronabirusa Azpeitian

Baigera Ieko taberna zerbitzua ireki du udalak, eta liburutegian bertan maileguak jaso daitezke gaurtik

Enparan Dorretxeko ateak gaur ireki dituzte berriro.

Bere zerbitzuak "bere onera itzultzen" hasi direla iragarri du udalak. Sindikatu Zaharreko ikasteko gela ere ireki du. Hala ere, udal kirol instalazioak ez dituzte ireki oraindik; horiek noiz eta nola ireki zehazteko eragileekin "harremanetan" dagoela azaldu du udalak. Kultur azpiegiturei dagokienez, eragileei horien erabilerarako irizpideak helarazi dizkiela jakinarazi du.

Koronabirusarengatik alarma egoera ezarri zenetik itxita egon diren "hainbat udal zerbitzu bere onera itzultzen" hasi direla jakinarazi du gaur Azpeitiko Udalak, konfinamendua arintzeko faseen "dekretuak aztertu ondoren" eta "prebentzio neurri zehatzak hartuta". Hain zuzen ere, hiru dira gaurtik aurrera berriro ireki dituzten azpiegiturak: Udal Liburutegia, Baigera Ieko taberna eta Sindikatu Zaharreko ikasketa gela. Hala ere, koronabirusaren krisialdiaren aurreko baldintzak ez dituzte berreskuratuko oraingoz, alarma egoera dela eta.

Horrela, Enparan Dorretxeko ateak ireki ditu gaur liburutegiak, baina aurrez aurreko mailegu zerbitzua emateko soilik. Hain zuzen ere, aurrez egindako mailegu eskaerak bertan jasotzeko aukera dute gaurtik aurrera erabiltzaileek, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara. Apirileko azken astean itzuli ziren lanera liburuzainak, maileguak etxeraino eramateko zerbitzua martxan jartzeko. Zerbitzu hori mantendu egingo du Udal Liburutegiak; baina orain, maileguan eskatutako liburuak edota DVDak etxean edo norbera liburutegira joanda jaso aukera dezakete herritarrek. Beraz, azken asteetan bezala, mailegu eskaera aurrez egin beharko da, 943-15 71 95 telefonora deituta, 688 815 506 zenbakian Whatsappez, edo liburutegikoharrera@azpeitia.eus e-postan. "Ahal dela eskaera zehatzak egin behar dira, katalogoan begiratuta. Eskaera orokorrak badira, liburutegiko teknikariek egingo dute aukeraketa", zehaztu du udalak. Maileguan hartutako liburuak, DVDak eta dokumentuak itzultzeko, liburutegi atarian dagoen buzoian utzi beharko dira; eta itzulitako ale bakoitza berrogeialdian utziko dute liburuzainek, berriro maileguan eman aurretik.

Liburutegiak ez du, momentuz, beste zerbitzurik emango, eta Enparan Dorretxeko eraikineko gainerako guneak ere itxita mantenduko dituzte; besteak beste, ikasteko gelak. Aldiz, udalak ireki du dagoeneko Sindikatu Zaharreko lehen solairuko ikasketa gela.

Baigera I eraikineko tabernak ere gaur ireki ditu ateak. Konfinamenduaren aurreko ohiko ordutegian irekiko dute egunero, baina egunean bi ordu tarte gorde dituzte jubilatuentzat: 10:00etatik 12:00etara eta 15:30etatik 17:00etara, jubilatuek bakarrik erabili ahalko dute taberna, eta maskarak jantzita egon beharko dira horiek. Barruko mahaietan gehienez lau eta kanpokoetan gehienez bi lagun eseri ahalko dira, eta egunkaririk eta kartarik ez dute jarriko bezeroen eskura. Baigera II, berriz, itxira dago, emakidarako lehiaketa publikoan dago-eta uneotan.

Kirol eta kultur azpiegiturak

Udal kirol instalazioei dagokienez, horiek irekitzea "aztertzen" ari dela dio udalak, baina ez dituzte ireki oraindik; horiek noiz eta nola ireki zehazteko kirol talde eta eragileekin "harremanetan" dagoela azaldu dute. Kirol azpiegituren irekiera beste batzuena baino "konplexuagoa" dela adierazi du udalak, eta zehaztasun gehiago eman ez badu ere, aurreratu du herriko kirol instalazio publikoek "epe batez erabilera mugatua" izango dutela, "dekretuek ezarritako aforo eta prebentzio neurriak tarteko".

Kultur eragileekin ere harremanetan dago udala. "Pixkanaka hasiko dira banaka edo talde txikietan beren azpiegiturak erabiltzen", esan du horiei buruz. Horregatik, dagozkien kultur azpiegituren erabilerarako irizpideak helarazi dizkie udalak kultur taldeei eta eragileei.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide