Fernando Alberdi azpeitiarra, munduko izozkigile onenen zerrendan

Uztarria.eus 2020ko eka. 1a, 17:00

Munduko ehun izozkigile onenekin osatzen dute Gelato Festival World Ranking deituriko zerrenda, eta 57. postuan jarri dute izozkigile azpeitiarra. Zerrenda horretan sartzen duten lehendabiziko aldia da eta "oso gustura" dago lorpenarekin; horrelako izendapenek "hobetzen jarraitzeko indarra" ematen diotela adierazi du protagonistak.

Izozkigintzan izen handiko zerrenda da Gelato Festival World Ranking deiturikoa, munduko ehun izozkigile onenen zerrenda ofizial bakarra delako, eta aurten lehendabiziko aldiz zerrenda horretan sartzea lortu du Fernando Alberdik (Azpeitia, 1976). Munduko izozkigileen sailkapenean 57. postua lortu du azpeitiarrak eta Espainian lehiatzen direnen artean hirugarrena. Lorpenarekin "oso gustura" dagoela adierazi du Alberdik: "Horrelakoek hobetzen eta nire burua ezagutarazten jarraitzeko indarra ematen didate". Egun, Aizarnazabalen bizi da Alberdi, baina Getarian lan egiten du: han du Dona Doni izozki denda.

Mundu guztian egiten diren izozkigile txapelketak oinarri hartuta osatzen dute Gelato Festival World Ranking zerrenda. "Parte hartzen duzun txapelketetan lortzen dituzun emaitzen arabera, puntuazio bat ematen dizute, eta puntuazio hori hartzen dute kontuan zerrenda osatzeko orduan", azaldu du azpeitiarrak. Azken urteetan parte hartu duen lehiaketetan oso emaitza onak lortu ditu Alberdik. 2018ko urtarrilean, Ourensen (Galizia) jokatu zuten kanporaketa batean, Cattabriga eta Anhcea Zapore Nazional Onena izozki lehiaketako finalera sailkatu zen puntuazio onena eskuratuta, eta urte bereko otsailean, Madrilen jokatu zuten Espainiako izozkigileen txapelketaren finalean, brontzezko domina irabazi zuen. Iazko urrian, berriz, Bartzelonako Gelato World Tour kanporaketan bigarren sailkatu zen. Horri esker, datorren urtean jokatuko duten Espainiako finalerako txartela eskuan du Alberdik. Final horretan puntuaziorik onena lortzen duten bi izozkigileak 2022ean Italian jokatuko den mundialean ariko dira.

Bitarte horretan, badu beste txapelketa batzuetan parte hartzeko asmoa. "Maiatzean Bartzelonan jokatzeko zen txapelketa batera joatekoa nintzen eta aurten Alemaniara eta Miamira (AEBak) joateko asmoa ere banuen, baina koronabirusak eragindako egoera dela-eta zaila ikusten dut asmo horiek gauzatzea. Bartzelonako txapelketa urrira atzeratu dute, baina beste biak ez dakigu zertan geldituko diren". Txapelketa horietan parte hartzeko aukera izango balu eta emaitza onak eskuratuko balitu, Gelato Festival World Ranking zerrendarako puntuak batuko lituzke azpeitiarrak.

Mangoa Ezpeletako piperrautsarekin nahastuta egiten duen izozkia da Alberdiren zapore izarra. "Zapore horrek arrakasta handia izan du orain arte eta txapelketetan horrekin lortu ditut emaitzarik onenak". Hala ere, badu zapore berriekin probatzeko gogoa. "Ziurrenik, finalera berriz ere mango-Ezpeleta zaporeakin joango naiz, baina tarteko txapelketetara beste zapore batzuk eraman nahi nituzke, ikusteko zer erantzun izaten duten". Alemaniara, adibidez, hur zaporeko izozkia eraman nahi luke.