Julen Belamunok 'Hotz industriala' liburua aurkeztu du

Uztarria.eus 2020ko eka. 1a, 15:26

Julen Belamuno Azpeitiko idazleak Hotz industriala ipuin bilduma aurkeztu du Susa argitaletxearen eskutik. Bost ipuinez ostatuta dago Belamunoren lan berria, eta horietako batean hozkailu industrialak konpontzen lan egiten duen Lezetaren istorioa kontatzen du.

Azpeitiarrak zuzenean egin du agerraldia gaur, astelehena, Susa argitaletxearen Youtubeko kanalean, eta bere liburu berriaren nondik norakoak azaldu ditu bertan. Liburuaren azala, gainera, Xabier Gantzarain azkoitiarrak egin du. Belamunok, aurretik, Ukabilak eta loreak nahiz Gaueko zaintzalea lanak argitaratu zituen 2015ean eta 2016an.

Hona hemen Hotz industriala liburuaren sinopsia:

"Lezetak hozkailu industrialak konpontzen egiten du lan, nahiko nekatuta dago eguneroko martxarekin, eta lankide antojagarri baten adarjotzeak aguantatu behar ditu gainera, emakume gazteago batekin duen harremanagatik. Euskal Herritik Berlinera egin zuen ihes Martinek 80ko hamarkadan, desagertzeko bulkada bati jarraituz, eta, denek ahaztu dutela uste duenean, euskaraz idatzitako gutun bat jasoko du.

Belarriko minez farmazia irekitzeko zain dago artista bat, eta bere antz handia duen gizon dotoreago batekin egingo du topo, Isabelekin izan zuen harremana zelan hondatu zen gogoratzen duen bitartean. Bikote batek Errioxan erositako etxera hurbilduko da jabe ohien semea, zuhaitz bat ez botatzeko eskatzera. Italian koadro berezi batzuk agertu ostean, aspaldi ahaztutako pintore baten gaineko ikerketan murgilduko da Ander."