Koronabirusa Azpeitian

Beste behin, sekulako ilarak erosketa bonuak eskuratzeko

Joan den astean bezala, gaurkoan ere sekulako arrakasta izan dute Azpeitia zaindu kanpainaren barruan salgai jarri dituzten erosketa bonuek. Izan ere, gaur goizean sekulako ilarak sortu dira Bertan merkatarien elkartearen egoitzan. 09:00etan zabaldu dute bonuak erosteko aukera, eta herritarrek Internetez nahiz Bertanen lokalean eskuratu ahal izan dituzte txartelak. Guztira, 1.500 bonu jarri dituzte gaur salgai.

Azpeitiko merkataritza eta ostalaritza sektoreak sustatzeko eta herritarrei bertan erosteko erraztasunak emateko helburuarekin jarri dute martxan kanpaina Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak. 1.500 txartel ateratzea aurreikusi zuten hasieran; bonu bakoitza 35 euro ordainduko dute herritarrek, eta kanpainara atxikitako saltokietan erabiltzerakoan 50 euroko balioa izango dute. Herriko merkataritzan 150.000 euroko inpaktua izango dute bonuek. Joan den astelehenean, salmenta zabaldu eta ordu gutxitan saldu ziren hasierako bonu guztiak, eta bonua eskuratu gabe gelditu zen erostera joan zen hainbat herritar.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide