Koronabirusa Azpeitian

Hirugarren faseko neurriak erkidegoek kudeatuko dituzte

Eusko Jaurlaritzak izango du neurriak ezartzeko, moldatzeko edo kentzeko eskumena hirugarren fasean. Trukean, alarma egoera luzatzearen alde egingo du EAJk Espainiako Kongresuan.

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk: hirugarren fasetik aurrera, erkidegoek kudeatu ahal izango dituzte arinaldiko neurriak. Beraz, Hego Euskal Herrian Iñigo Urkulluk eta Maria Txibitek zehaztuko dituzte hirugarren faseko neurriak.

Asteazkenean adostuko dute Espainiako Kongresuan alarma egoeraren luzapena. EAJk babesa emango dio Pedro Sanchez presidenteari, eta trukean alarma egoeratik ateratzeko neurriak kendu, luzatu, hartu edo moldatu ahal izango ditu Urkulluk. Beste aldaketa garrantzitsu bat ere izango da arinaldiaren kudeaketan; hirugarren fasean, erkidegoek proposatuko baitiote Espainiako Osasun Ministerioari zeintzuk izan daitezken "normaltasun berrira" sartuko diren lurralde unitateak. Hain zuzen, "normaltasun berrian" sartzeko lurralde unitate bat osatu nahi du Eusko Jaurlaritzak hiru lurraldeekin, eta beraz, pentsatzekoa da hiru herrialde horien artean libre mugitu ahal izango dela. Dena ondo bidean, ekainaren 8tik aurrera izango da Hego Euskal Herria hirugarren fasean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide