Koronabirusa Azpeitian

Asteartean irekiko dute berriro Burdinbidearen Euskal Museoa

Uztarria.eus 2020ko mai. 30a, 20:00
Burdinbidearen Euskal Museoa.

Asteartetik igandera bitartean egongo da zabalik museoa, eta bidaiarien nahiz langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko hainbat neurri hartu dituzte. Besteak beste, lurrun treneko edukiera mugatuko dute.

Martxotik hona itxita egon ostean, asteartean, ekainak 2, berriro irekiko ditu ateak Burdinbidearen Euskal Museoak. Bisitarien eta langileen segurtasuna zein osasuna bermatzeko hainbat neurri ezarriko dituzte instalazioetan; besteak beste, babes-holtzak jarriko dituzte sarreran, hidrogelak eskuragarri jarriko dituzte, ibilbide zirkular bat egingo dute bisitariak elkarren artean gurutzatu ez daitezen eta museoaren edukiera murriztuko dute. Horrez gain, instalazioen garbiketa ere areagotu egingo dute, eta bisitariek maskarak erabili beharko dituzte museoan. Lurrun trenean ere edukiera murriztuko dute; gehienez 75 pertsona sartu ahal izango dira aldiro, eta maskarak erabili beharko dituzte bidaiariek.

Museoaren ordutegiak honakoak izango dira asteartetik aurrera:

Burdinbidearen Euskal Museoa:

  • Asteartetik ostiralera: 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.
  • Larunbatak: 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.
  • Igandeak eta jaiegunak (astelehenak izan ezik): 10:30etik 14:00etara.

Lurrun treneko bidaiak:

  • Larunbatak: 12:30ean eta 18:00etan.
  • Igandeak eta jaiegunak (astelehenak izan ezik): 12:30ean.

Bestalde, museora sartzeko prezioak ere murriztu egingo dituzte, koronabirusaren egoerak aretoak ixtea eta bisita gidatuak edo erakustaldiak bertan behera uztea eskatzen baitu. Hori dela eta, museora sartzeko prezioa 3 eurotik 2 eurora jaitsi dute. Lurrun treneko bidaiaren prezioa, berriz, sei eurokoa izango da, eta haren alokairuarena, 450 eurokoa.