Koronabirusa Azpeitian

Koronabirusa dela-eta presoek bizi duten egoera salatu zuten atzo dozenaka herritarrek

Uztarria.eus 2020ko mai. 30a, 12:52

Hileko azken ostiraletako elkarretaratzeak berreskuratu zituen atzo, ostirala, Azpeitiko Sarek, eta dozenaka herritarrek presoek espetxeetan bizi duten egoera salatu zuten. Sareko kideek adierazi zutenez, COVID-19agatik ezarritako alarma egoerak "gogortu" egin du euskal presoek kartzelan bizi duten egoera, eta senideen egoera ere "muturreko egoera" batera iritsi dela nabarmendu zuten. Ildo horretatik, Beatriz Etxeberria presoak eta haren alabak bizi duten egoera izan zuten gogoan, konfinamendu osoan zehar alabarengandik banatuta egon baita hura. Bestalde, Julen Atxurra eta Patxi Ruizen egoera ere salatu zuten, baita Gotzon Aranburu eta Iosu Urbieta Pow Azpeitiko presoena ere, senideen eta lagunen bisitarik jaso gabe baitaude horiek konfinamenduaz geroztik.

Guzti hori salatu eta lau neurri eskatu zizkion Sarek Espainiako eta Frantziako gobernuei: euskal preso guztiak Euskal Herrira eramatea, gaixotasun larriak dituzte presoak eta 65 urtetik gorakoak askatzea, presoei eta senideei dagozkien bisitak berreskuratzea eta gradu aldaketak ahalbidetzea baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egon daitezen. Neurri horien inguruan Sarek nabarmendu zuen haiek ez ezik beste hainbat erakundek, eragilek eta sindikatuk ere eskatzen dituztela neurriok. Era berean, Sarek martxan jarri duen Izan bidea dinamikan parte hartzeko deia egin zien herritarrei.

Hona hemen atzoko elkarretaratzeko argazki bilduma: (Argazkiak: Azpeitiko Sare)