Koronabirusa Azpeitian

Sakabanaketa politikaren arrebak

Ainhoa Aranburu eta Idoia Urbieta, Gotzon eta Powren arrebak. (Anartz Izagirre)

COVID-19a kartzeletara ere iritsi da, eta euskal presoei ere bete-betean eragin die gaitzak, martxotik hona ez baitute senideen eta lagunen bisitarik jaso ahal izan. Ainhoa Aranburu (Azpeitia, 1972) eta Idoia Urbieta (Azpeitia, 1977) Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta Pow presoen arrebak dira. Urteak daramatzate hilero kilometro mordoxka egiten beren anaiak bisitatzera joateko, eta dispertsioa pandemia garaiotan nola bizi duten azaldu diote Uztarriari.

Koronabirusa dela-eta bertan behera utzi dituzte presoen bisitak. Noiz bisitatu zenituzten zuen anaiak azkenengoz?

Idoia: Josu Mont de Marsango [Akitania Berria, Frantzia] espetxean dago, eta hiru hilabete daramagu hura bisitatu gabe. Izan ere, Espainiako eta Frantziako mugak itxita daude, eta geu ere ezin gara Gipuzkoatik atera. Gainera, Mont de Marsango espetxetik 100 kilometro barruan bizi direnek soilik egin ahal dituzte bisitak. Telefonoz hitz egiten dugu harekin, bideo-deirik egiten ez digute uzten.

Ainhoa: Gotzon Villenako kartzelan dago [Alacant, Herrialde Katalanak], eta martxoaren 6an jaso zuen hark azken bisita. Guk handik bi astera genuen hura bisitatzeko asmoa, baina konfinamendua dela-eta ezin izan genuen Alacantera joan. COVID-19 gaitzarengatik bideo-deiak egiten uzten diote astean behin, eta astelehenetan hitz egiten dugu Gotzonekin. Horrez gain, hamabi dei egin ditzake zazpi minutukoak, eta telefonoz ere hitz egin du etxekookin eta lagunekin.

Preso dauden espetxeetan izan al da koronabirus kasurik?

Idoia: Mont de Marsango espetxean, ez. Lasaitu egiten gaitu espetxean kasurik izan ez dutela jakiteak, gainera. Neurriei dagokienez, kartzelako funtzionarioek maskarak erabiltzen dituzte, baina presoei ez diete kutsatzeak saihesteko materialik eman; ez masakararik, ez hidrogelik...

Ainhoa: Villenako espetxean ere ez dute kasurik atzeman, baina hainbat neurri hartu dituzte presoentzat ere kutsatzeak saihesteko; hidrogelak, eskularruak eta maskarak eman dizkiete. Leku horietan distantziak mantentzea da duten arazorik handiena, hain leku txikian bizita zaila baita tarteak mantentzea. Gotzonek 24 ordutatik 20 bere zeldan igarotzen ditu, ordea, eta patioan igarotzen dituen orduak bere moduluko presoekin igarotzen ditu, gainera.

Zer helarazi dizuete zuen anaiek kartzelan bizi duten egoeraren inguruan?

Ainhoa: Koronabirusak guztiok harrapatu gintuen kolpetik, eta gure moduan, Gotzon ere arduratu egin zen egoerarekin. Hasieran bazuen beldurra, baita segurtasun eza ere. Gainera, komunikabideetan ez da beste konturik egon, eta haiek irratian edo telebistan entzundakoa nahiz guk esandakoa soilik dakite gaiaren inguruan. Orain, ordea, lasaiago dago. Izan ere, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua egiten ari da unibertsitatean, eta ikasketak ditu buruan. Patxi Ruizen egoeraren inguruan ere kezkatuta dago, eta askotan galdetzen digu haren inguruan.

Idoia: Josu nahiko lasai dago, han ez delako koronabirus kasurik agertu. Hasieran, ordea, egia da oso kezkatuta zegoela, gure moduan. Hemen gu denok ondo zaintzeko esaten digu, eta hark ere ahal duen guztia egingo duela kartzelan kutsatzeak saihesteko. Dena den, osasun eta segurtasun materialik banatu ez dietenez, ez dauka erraza. Kartzela barruan koronabirusaz kutsatzen badira, auskalo zer gerta daitekeen... Halere, ikusi du koronabirusa Azpeitian ez dela gehiegi hedatu, eta horrekin ere asko lasaitu da.

Noiz aurreikusten duzue bisitak berrartzeko aukera?

Idoia: Gu bisitan joan ahal izateko, Espainia eta Frantzia arteko muga zabaldu beharko dute lehenik. Gero, kontua da bisitak kartzelatik 100 kilometrora daudenei soilik baimenduta, ez dakigula noiz izango dugun Josu ikusteko aukera. Presoak Euskal Herriko espetxeetan egongo balira, askoz ere errazagoa izango litzateke guztia. Gainera, legeak hala eskatzen du.

Ainhoa: Gure kasuan probintziatik ateratzen lagatzen digutenean pentsatzen dut aukera izango dugula Gotzon bisitatzeko. Alacanten bertan ere dagoeneko hasiko zituzten bisitak. Halere, bisitak egiten hasten garenean, desberdina izango dela iruditzen zait: kopuru txikitan, bisiten guneak desinfektatuta... Neurriak ezarriko dituzte.

COVID-19 gaitzaren aurretik zenbatero egin ohi zenituzten bisitak?

Ainhoa: Gotzonek astero jasotzen du bisitaren bat, eta etxekook hilean behin joaten gara. Hiru ordu egoten gara harekin aurrez aurre. Gainontzeko bisitak 40 minutu ingurukoak izaten dira, ostiraletan edo larunbatetan.

Idoia: Josuk ere astero jasotzen ditu bisitak. Asteartetik zapatura jaso ditzake bisitak, asteko hiru gehienez. Etxekook hamabostean behin joaten gara hura bisitatzera, lagunei ere utzi egin behar zaie eta.

Eta nola joaten zarete bisitak egitera?

Ainhoa: Kotxeetan, normalean. Zazpi ordu daude hemendik Villenara. Bisitan goazenean Villenan bertan pasatzen dugu gaua, eta hurrengo egunean etxera bueltatzen gara. Mirentxin furgoneta solidarioan ere egin izan ditugu bidaiak; aukera ona da hori bidaia bakarrik egin behar baduzu.

Idoia: Gu ere kotxeetan joaten gara, hemendik Mont de Marsanera bi ordu eta erdiko bidaia baitago. Poitiers-Vivonneko kartzelan zegoenean Mirentxinen joaten ginen ama eta biok, eta bost ordu eta erdi inguruko bidaia egiten genuen hara.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak, Lehendakaritzaren izenean Espainiako Gobernuari eskatu dio euskal presoak Euskal Herriratu ditzala. Nola hartu duzue berria?

Idoia: Eskaera oso berandu datorrela iruditzen zait, eta hori lehenago eskatzea ere bazutela. Uztailean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira, eta nik uste horregatik egin dutela orain eskaera hau. Hala ere, berri pozgarria dela iruditzen zait.

Ainhoa: Koronabirusa agertu denetik presoen inguruan dabiltzan eragile eta talde askok egin dute eskaera hori. Aspalditik eskatzen gabiltzan zerbait da.

Nahikoa iruditzen al zaizue Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari eskatutakoa?

Idoia: Legez hemen beharko lukete presoek, eta are gehiago koronabirusaren larritasuna ikusita. Preso helduek eta gaixotasun larriak dituztenek kanpoan egon behar dute, eta guztiek, Euskal Herrian. Euskal preso guztiak Euskal Herrian baleude ez ginateke mugak noiz irekiko zain egongo.

Ainhoa: Bai. Presoek Euskal Herrian egon beharko lukete honezkero. Dena den, pandemia batek etorri behar izan badu Jaurlaritzak eskaera hori egiteko, bada, ondo.

Sakabanaketa politikarekin behin betiko amaitzeko eskatzen dute hainbat erakundek. Azken urteetan aurrerapausorik eman al da?

Ainhoa: Nik uste nahiko geldirik dagoela kontua. Egon diren aldaketa apurrak gradu aldaketa batzuk izan dira. Frantzian bai, gerturatzeak egon dira Lannemezanera eta Mont de Marsanera. Gainontzean, ez da erabaki politiko zabal bat izan, erabaki puntualak hartu dira.

Idoia: Hala da. Gainera, presoek gradu aldaketen eskaerak egin izan dituztenetan, ukatu egin zaizkie. Denbora oso luze doa. Nik uste nuen lehenago hasiko zirela mugitzen.

Nola daramate zuen anaiek dispertsioa?

Idoia: Gogorra da. Josu kartzelara sartu eta urte batzuetara gure aita hil zen, eta halako gauzak kartzelan igarotzea ez da erraza. Mont de Marsanen hamalau euskal preso daude guztira, eta hori kristoren aldea da, halako momentuetan bat egiten dutelako beren artean. Halere, bisitak bukatu eta etxera nola iritsiko garen beldurrez egoten da Josu.

Ainhoa: Eskerrak Gotzon ikasten hasi zen, horrekin apur bat entretenitzen baita. Berak badaki urte pila bat egin beharko dituela kartzelan. Halere, hiru euskal preso daude Gotzonen moduluan, behintzat. Guk bidaiak egin beharrak kezkatzen du hura ere.

Eta zuek, nola damarazue egoera hori guztia?

Idoia: Josuk hamar urte egingo ditu kartzelan datorren ekainaren 9an, eta senideok nekea antzematen dugu. Bi urte eta erdi inguru falta dira Josu kartzelatik ateratzeko, baina bitartean ez dugu aurrerapausorik ikusten.

Ainhoa: Zenbat eta urte gehiago pasatu, okerragoa egiten zaizu guztia. Gotzonek hemezortzi urte egingo ditu kartzelan, 2002an atxilotu baitzuten. Hasieran, animo aldetik beste indar batekin hasten zara bisitak egiten; baina segi eta segi, nekatu egiten zara. Eta ikusten duzu ezer ez dela aldatzen. Gotzonek 30 urteko kartzela zigorra du, eta beste hamabi urte egin beharko lituzke kartzelan.

Azpeitiko presoak

Gotzon Aranburu: 2002ko abenduan atxilotu zuten Gotzon Aranburu Jesus Mari Etxeberriarekin batera, ustez ETAko kideak zirelakoan, Collado Villalban (Madril) Guardia Zibilaren kontrol baten ondoren tiroketa izan eta gero. Tiroketan polizia bat hil eta Aranburu larri zauritu zen. Egun Villenako (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxean dago azpeitiarra preso, Azpeititik 720 kilometrora.

Josu Urbieta Pow: 2010eko ekainean atxilotu zuten Correzeko departamenduan, Frantzian, ustez auto bat lapurtzen ari zirela. Potiers-Vivonneko kartzelan (Frantzia) egon zen preso, Azpeititik 486 kilometrora, eta 2018an Mont de Marsaneko (Akitania Berria, Frantzia) espetxera lekualdatu zuten, herritik 198 kilometrora.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide