Asteburuan balkoiak apaintzen dituztenen artean hainbat sari banatuko du Lagun Onakek

Uztarria.eus 2020ko mai. 29a, 14:14
Iazko Lagun Onak Eguneko irudia.

Lagun Onak Eguna ospatzekoak ziren asteburuan, baina ezohiko egoera tarteko, futbol klubak ez du nahi bezalako jairik egiterik izango. Horren ordez, balkoiak apaintzeko deia egin dute, eta hainbat sari banatuko dituzte animatzen direnen artean.

Lagun Onak futbol taldea klubaren eguna ospatzekoa zen asteburu honetan, baina ezohiko egoera tarteko, ezingo dute nahi bezalako jairik egin. Dena dela, zerbait berezia egin nahi izan dute egun hori ospatzeko, eta klubak herritarrei dei egin die balkoiak apaintzeko. Lagun Onak gaitzat hartuta, kolore txuri-urdinak, kamisetak, bufandak eta bestelako apaingarriak jarri ahal izango dituzte herritarrek balkoietan. Irudimena erabiliz, Lagun Onakekin bat egitera animatu dituzte herritarrak.

Deia soilik ez, lehiaketa ere antolatu du Lagun Onakek balkoien apainketari lotuta. Hain zuzen ere, hainbat sari izango dira balkoiak apaintzen dituztenen artean banatzeko. Larunbatean eta igandean apaindu beharko dituzte balkoiak herritarrek, eta ondoren, balkoiari argazkia atera beharko diote lehiaketan parte hartzeko. Argazkiak info@lagunonak.com helbidera bidali beharko dira —astelehena izango da horretarako azken eguna—, eta klubak sare sozialetan eskegiko ditu jasotako argazkiak. Gero, herritarren botoen bidez erabakiko da zein izan den balkoirik politena.

Boto gehien eskuratzen dituen balkoiaren jabeak Lagun Onaken dendan gastatzeko 200 euroko bonoa eta Landeta jatetxean bi lagunentzako bazkaria edo afaria eskuratuko ditu. Balkoi onenaren sariaz gain, beste bi sari ere banatuko ditu klubak: bi lagunentzako bazkaria edo afaria Kiruri jatetxean eta beste bi lagunentzako bazkari edo afaria Sanagustin kulturgunean.