Koronabirusa Azpeitian

Elkarte batzuk ateak zabaltzeko prest, beste batzuk oraindik ez

Inpernue elkartea.

Elkarte gastronomikoek ateak zabaltzeko baimena dute dagoeneko. Herriko hainbat elkartek segurtasun eta babes neurriak ezarrita elkarteak irekitzea erabaki dute, eta beste batzuek, momentuz ez dute irekiko. Hainbat elkarterekin hitz egin du Uztarriak.

Bi hilabete eta erdiko itxialdiaren ostean, astelehenetik, konfinamendua arintzeko bigarren faseko neurriak indarrean direnetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarte gastronomikoek badute berriz ateak zabaltzeko baimena. Ez, ordea, edozein modutan; koronabirusa zabaltzea saihesteko neurriak hartu beharko dituzte haiek ere, horien artean, higienea indartu beharko dute eta edukiera erdira murriztu. Elkarte batzuek lehenbailehen hasi nahi dute martxan, eta horretarako beharrezko prestaketak egiten aritu dira egunotan; beste batzuek, aldiz, nahiago izan dute gauzak lasai hartzea, eta oraingoz ez dute ateak irekitzeko egunik zehaztu.

Azpeitiko Ardozaleak elkartea izango da ateak zabaltzen aurrenetakoa. "Bazkideak gogotsu daude eta gaur zabalduko dugu elkartea", adierazi du Joxe Perez batzordeko kideak. Irekierarako zer prestaketa lan egin dituzten ere azaldu du: "Elkartea itxi eta aurreneko astean garbitzaileak goitik behera garbitu zuen elkartea eta azken egunotan berriz dena desinfektatu dugu. Gainera, mahai kopurua erdira murriztu dugu eta bazkide guztiek ezinbestean errespetatu beharreko araudia prestatu dugu". Inpernuko bazkideek ere elkartea gaur iluntzean zabaltzea erabaki dute, horretarako beharrezko prestaketa guztiak eginda. "Elkartea goitik behera garbitzen aritu gara egunotan eta pare bat batzar ere egin ditugu araudi berria egin eta onartzeko", adierazi du Ibon Morales batzordeko kideak.

Bi elkarteek erabilera araudi bertsua onartu dute. Araudi horien arabera, bazkideek aurrez erreserba eginda joan beharko dute elkartera, eta elkartera, barrara, sukaldera eta komunera sartzen diren bakoitzean garbitu beharko dituzte eskuak. Sukaldean eta barran mahaiko lagun bakarrak egon ahal izango du, bazkide batek, eta beti maskara jantzita. Komunera ere banaka joan beharko da eta erabilitako bakoitzean garbitu. Elkarteko gainontzeko tresnak —ordenagailuko pantaila, kafegailua, sukaldeko tresneria, eta abar.— ukitzen dituzten bakoitzean garbitu beharko dituzte, horretarako egongo diren produktuekin. Horrez gain, aurreko mantalak eta eskutrapuak etxetik eraman beharko dituzte. Elkartetik irten aurretik, erabilitako mahaiak eta aulkiak desinfektatu beharko dituzte. Ardozaleetan, debekatu egin dute karta jokoetan aritzea eta baita erresebatu gabeko mahaietan egotea ere; Inpernun, berriz, terrazan egoteko ordutegia herriko terrazen ordutegira mugatu dute —igandetik ostegunera 00:00ak arte, ostiraletan 00:30ak arte eta larunbat eta jai bezperetan 01:00ak arte—.

Aldiz, Azpeitiko Landeta elkartekoek nahiago izan dute "gauzak lasai hartzea", eta, momentuz, elkartea ez irekitzea. Nagore Arretxe batzordeko kideak azaldu duenez, legeak dioena betetzeko zein neurri hartu aztertzen ari dira, baina oraingoz ez dute erabaki noiz eta zer baldintzatan egingo duten. Eta beste horrenbeste Arkaitza elkarteari dagokionean ere. Itxialdi garaian margoketa eta garbiketa lanak egiten aritu dira eta hasiak dira irekiera prestatzen, baina oraindik egunik zehaztu gabe.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide