Koronabirusa Azpeitian

Ibilgailuak ez ezik, autoen salmenta ere geldituta

Aiertza autoak kontzesionarioa.

Autoen salmentak nabarmen egin du behera itxialdia hasi zenetik. Apirileko datuen arabera, 90 auto matrikulatu ziren Hego Euskal Herrian, iazko apirilean baino 4.147 gutxiago. Aiertza autoak kontzesionarioko langileek ere antzeman dute salmenten beherakada.

Azken hilabeteotan errepideak eta autobideak hutsik ikusi dira, eta ibilgailuak garajeetan edo aparkalekuetan geldirik izan dituzte herritarrek. Hirietako eta herrietako airearen kalitatea hobetzearen txanponaren beste aldean, ordea, autoen salmenta dago. Izan ere, apirilean %95,2 jaitsi zen Hego Euskal Herrian auto berrien salmenta iazko datuekin alderatuta, eta guztira, 90 auto matrikulatu zituzten hil horretan, iaz hilabete berean baino 4.147 gutxiago.

Auto salmenten jaitsierak bete-betean harrapatu du Azpeitiko Aiertza autoak kontzesionarioa, eta guztia "geldituta" egon dela azaldu du Ignacio Aiertzak: "Auto berrien salmenta guztiz gelditu da, eta lehen gaizki bazegoen kontua, orain are okerrago dago". Aiertzak dio kotxe berrien salmentak egin duela gehien beherantz martxotik hona: "Auto berriak ez dira saldu, baina bigarren eskukoek nahiko ondo eutsi diote merkatuari".

Itxialdia gorabehera, Aiertza autoak kontzesionarioko langileek tailerra irekita izan dute hilabete hauetan, eta lan gutxi izan arren, langileen erdiek jardunari eutsi diotela azaldu du Aiertzak. Osasun eta segurtasun neurriei dagokienez, berriz, Eusko Jaurlaritzak eta Citroenek jarraitu beharreko protokoloa bidali zieten, eta ordutik, kutsatzea saihesteko horiek gomendatutako neurriak ezartzen dabiltzala azaldu du.

Apurka, normaltasunera itzultzen

Gizarteko beste hainbat sektoreren moduan, auto industria ere normaltasunera itzultzen ari da, eta itxialdia malgutzeak bezeroak erakarri ditu kontzesionarioetara. Aiertzak azaldu duenez, azken asteetan "dezente" igo da bezeroen kopurua, eta uste du "pixkanaka-pixkanaka" bada ere, autoen salmentak gora egingo duela datozen hilabeteetan. Halere, Aiertzak dio autoen salmentan eragina izango duela beste sektoreen bilakaerak; beraz, salmentak ere horren araberakoak izango direla.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide