Bizikletak garbitzeko gunea jarri dute erabilgarri Garmendikampen

Azpeitiko Udalak bizikletak garbitzeko lekua egokitu du Garmendi auzoan, hain zuzen, dirt jump kirola praktikatzeko Garmendikamp gunean. Denon Artean prozesuaren barruan Garmendikampeko erabiltzaileek udalari egindako eskaerei erantzunez egokitu dute bizikletak garbitzeko lekua, eta dagoeneko erabilgarri dago herritar guztientzat.

Udalak azaldu duenez, egokitu duten gunean bi bizikleta aldi berean zintzilikatzeko eta garbitzeko aukera dute herritarrek. Bizikletak garbitzeko eremuan ura bideratzeko hodiak ez ezik, gurpilentzako hauspoa eta ura edateko iturria ere jarri dituzte. Horrez gain, eremua hesiz inguratu dute. Guztira, 10.900 euroko aurrekontua izan dute lanek. Gunea zaintzearen garrantzia azpimarratu du Egoitz Arruti Kirol batzordeburuak: "Herritarren eskaerei erantzunez egin dugu gunea, eta erabiltzaileen nahiz herritarren eginbeharra izango da gunea zaintzea eta behar bezalako erabilera ematea".

Garmendikamp, eskertuta

Garmendikampeko kideak duela sei urte hasi ziren Garmendi auzoan dirt jump kirola praktikatzeko gunea egokitzen. Udalean eskaerak egin ostean lortu zuten Garmendi auzoan dagoen lur sailari forma ematea, ondoren bizikletekin jauziak egin ahal izateko. Lau urte igaro dira hondeamakinek lur eremua egokitu zutenetik, eta gaur egun geroz eta gehiago dira bizikleta eta kaskoa hartuta Garmendikampera joaten diren gazteak. Garmendikampeko kideak eskertuta agertu dira udalak bizikletak garbitzeko lekua egokitu duelako. "Urteak daramatzagu gunea txukuntzeko eskaerak egiten udalean, eta oraingoan behintzat eskatutako hainbat gauza egin dituzte. Hori dela eta, eskertuta gaude. Izan ere, bizikletak garbitzeko eremua egokitzeaz gain, zuhaixkak-eta jarri dituzte, eta epe motzean lur eremuaren ondoko horma margotzeko asmoa dute", azaldu du Garmendikampeko kide Iñigo Garciak. "Gunea oso txukun" gelditu dela azpimarratu du hark, eta esan du egin berri dituzten lanek "bizi gehiago" emango diotela Garmendikamp guneari. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide