Koronabirusa Azpeitian

Ostalaritza guneetan udal ordenantzan jasotako ordutegia errespetatu beharko dute gaurtik aurrera

Uztarria.eus 2020ko mai. 25a, 18:32

Konfinamenduaren deseskalatzeko bigarren fasean, ostalaritza jardueren ordutegiak zehaztea udalen esku utzi du Eusko Jaurlaritzak. Azpeitiko Udalak duela urte batzuetatik indarrean diren terrazen nahiz tabernen udal ordenantzei eustea erabaki du. Gainera, gaurtik aurrera tabernetan, kafetegietan nahiz jatetxeetan, barruan ere eskaini ahal izango dute zerbitzua, hainbat babes neurri errespetatuz.

Gaur, astelehena, sartu da Gipuzkoa konfinamenduaren deseskalatzearen bigarren fasean, eta beraz, lehen faseko ordutegi muga oro bertan behera gelditu da herrialde osoan. Udalen esku utzi du Eusko Jaurlaritzak ostalaritza guneen ordutegiak zehaztea, eta Azpeitiko Udalak duela urte batzuetatik indarrean diren terrazen nahiz tabernen udal ordenantzei eustea erabaki du.

Horrenbestez, aurrerantzean udal ordenantza horretako arauak bete beharko dituzte ostalariek, eta beraz, konfinamenduaren aurretik zituzten ordutegiak jarraitu beharko dituzte. 2012an onartutako terrazen araudian jasota dagoenez, igandetik ostegunera 10:00etatik 00:00etara jarri ahal izango dute terraza; ostiraletan, 10:00etatik 00:30era; eta larunbat eta jaiegun bezperetan, 10:00etatik 01:00etara.

Lehen fasean kafetegietako, tabernetako nahiz jatetxeetako terrazetan soilik egon zitezkeen herritarrak, eta 23:00ak arteko mugarekin. Orain, berriz, ostalaritza guneen barruan ere egon ahal izango dira, edukieraren %50a bete arte, eta beharrezkoa izango da bi metroko distantziak mantentzea mahaitik mahaira. Terrazetan nahiz barruan, une oro eserita egon beharko dute bezeroek. Tabernek ohiko ordutegietara itzuli ahal izango dute, beraz, lokal barruan emango duten zerbitzuari dagokionez.