Bizitza gozotzen

Uztarria.eus 2020ko mai. 27a, 17:19
Inazio EgaƱa.

Gustuko ofizioan aritzen den arren, baditu afizioak Inazio Egañak; motoan ibiltzea, esaterako. Horiek eta gehiago kontatu dizkio Maialen Etxaniz kazetariari Bestaldetik atalerako, 2020ko maiatzeko Uztarria aldizkarian.

"Bizitza goxatzeko norberak jarri behar ditu azukrea, gatza eta piperra”. Hala dio Inazio Egañak (Azpeitia, 1969). Txikitatik gozogintzari estu lotuta den arren, saiatzen da tarteka mundu horretatik askatzen, eta badira bere bizitza gozotzen duten beste hainbat gauza eta zaletasun. Nahi baino denbora libre gutxiago badu ere, denetarik egitea gustatzen zaio gozogileari.

Azpeitiko plazan jaio zen Egaña, eta haurtzaroko eta gaztaroko momentu gehienak kalean eta familiaren gozotegian igaro zituen. Umea zeneko "oroitzapen oso politak" dituela dio. "Haurrak ginela, kalean ibiltzen ginen uneoro. Orduan denbora libre gehiago genuen. Bizikletak hartu eta herrian zehar ibiltzen ginen, han eta hemen jolasean. Kalera atera eta topatzen genituen haurrekin jolasten genuen. Orduan ez zegoen gailu elektronikorik, eta irudimena jartzen genuen dantzan". Orain hiru ume ditu, eta haien bizi eredua ikusita, ohiturak asko aldatu direla uste du: "Gaur egungo haurrekin alderatuta, telebista gutxi ikusten genuen guk, eta gailu elektronikorik ez zegoenez, kalean egiten genuen bizitza. Askoz lasaiagoa zen dena".

Kalean egotea atsegin bazuen ere, ordu ugari pasatu zituen familiako gozotegian sartuta. "Ni obradorean jaio eta hazi nintzen", azaldu du. "Uda sasoian, eskolako ikasturtea amaitzen genuenean, etxean lagundu behar izaten nuen. Laguntzea gozotegian nire alea jartzea zen. Aitarekin bizkotxoak egiten nituela gogoratzen dut, baina ez zen denbora pasatzeko egiten genuen zerbait. Lanean aritzen ginen, eta gustura, gainera".

Eskolako urteak amaitzerako, Egañak bazekien zer izan nahi zuen handitan; zer izan nahi zuen edo zertan aritu nahi zuen: "Argi nuen gozogintzan jardun nahi nuela. Hori dela eta, gaztea nintzela murgildu nintzen sektore horretan". Eskola etxean izan zuela dio, baina gozogintzari lotutako formazioa familian ez ezik, herritik kanpo ere jaso zuen. Amak asko lagundu zion horretan: "Aita goiz hil zen, eta, zoritxarrez, ez nuen aukera askorik izan haren ondoan hazteko. Amak asko lagundu zidan, ordea; ikaragarri lagundu ninduen. Amak pentsaera irekia zuenez, ikastera animatu ninduen". Gaur egun, aitonak eta aitak hasitako bideari eusten dion senide bakarra da Inazio: "Bi arreba ditut, bata zaharragoa eta bestea gazteagoa, eta horiek beste bide bat hartu dute". Dena den, gozogintza ez da Egañaren bizitzako osagarri bakarra.

Moto irteerak

Lanetik kanpo zer egitea gustatzen zaion galdetuta, "pixka bat denetik" esan du. Egañak etxetik atera eta mendira joatea atsegin du, baita itsasoan ibiltzea ere. Bere "pasioa", ordea, motoan ibiltzea da. Ibilgailua hartu eta errepidean edozein noranzkotan ibiltzea "ikaragarri" gustatzen zaio: "Motoan Soriara, Kantabriara, Nafarroara... joatea atsegin dut, baina hemen inguruan ere egiten ditut itzuliak ibilgailuarekin. Burua lasaitzeko eta deskonektatzeko balio izaten dit". Lagunekin nahiz bakarrik egiten ditu motoan bidaiak, eta bi planak ditu atsegin: "Bakarrik egotea asko gustatzen zait, baina lagunekin egotea ere bai. Plan desberdinak dira, eta unearen arabera bata edo bestea nahiago dudan arren, bi planak gustatzen zaizkit".

 

 

Baina zein da plan perfektua Egañarentzat?: "Familiarekin egun pasa eder bat egitea plan borobila da, mendira joatea edo kostaldeko lekuren bat ezagutzera joatea ere bai. Nonbaiten lasai bazkaltzea, inguruak behatuz pasiera bat egitea, tragoren bat hartzea... guztiok atsegin ditugun gauzak".

Kirola atsegin al duen galdetuta, kirola ikusteak "aspertu" egiten duela azaldu du. Dena den, zenbait kirol praktikatzea gustatzen zaio, hala nola mendira joatea edo bizikletan ibiltzea. Gaztetan surfa ere egiten zuela kontatu du.

Kuadrillakoekin poteora ateratzea ere atsegin du azpeitiarrak, baina hori "asteroko kontua" dela dio. "Gaztetan oso parrandazalea izan nintzen, Fideo de Mileto tabernatik ez ginen atera ere egiten. Orain, ordea, nahiago ditut plan lasaiagoak. Garaian garaikoa. Gainera, astebururo ateratzen gara kalera, poteatzera; bizpahiru trago hartu eta etxera joaten gara. Hori asteroko kontua da, ordea; familiarekin egun pasa irtetea edo lagunekin motoan ibiltzea ez da astero egiten den zerbait. Horregatik dira plan bereziak". Dena den, azken boladan, konfinamendua tarteko, horren ohikoa den poteoa faltan sumatzen duela adierazi du Egañak.

Musika, liburuak, marrazketa...

Astegunetarako beste hainbat afizio ditu azpeitiarrak. Egun osoko lanaldiaren ostean, etxera iristean, deskonektatzen saiatzen da, eta horretarako hainbat bide dituela azaldu du. "Etxera nekatuta iritsi ohi naiz. Horrelakoetan, musika entzuteak asko laguntzen dit. Musikak lasaitzen nau". Hala ere, gaur egungo musika komertziala "gorroto" du: "Era askotako musika gustatzen zait, baina ez gaur egungo musika komertziala, latinoa, reggaetoia eta hip-hopa. Modan dauden eta edonon entzuten diren musika mota horiek ez zaizkit batere gustatzen. Rock musika asko entzun izan dut, baita klasikoa ere. Denetarik: Pink Floyd, Johann Sebastian Bach, Benito Lertxundi...".

Musika entzuteak ez ezik, irakurtzeak ere laguntzen dio burua lasaitzen Egañari. "Nobelak irakurtzen ditut gehien, baina saiakera liburuak ere irakurri izan ditut noizbehinka. Hala ere, nahi baino denbora gutxiago daukat irakurtzeko".

Gozogintzan artista bat da Egaña, baina beste mota bateko artelanak ere atsegin ditu. "Artelanak asko gustatzen zaizkit, eta marraztu ere egiten dut tarteka. Ezin dut esan oso ona naizenik, baina tira... Ahal dudanean saiatzen naiz marrazteko denbora hartzen". Artelanak atsegin dituenez, bidaiatzen duenean badu museoetara joateko ohitura. Eta bidaiatzea gustuko badu ere, gaztetan horretarako grina handiagoa zuela aitortu du. "Nire emazteak urte osoa pasatuko luke maleta eginda, baina ni dagoeneko pixka bat makaldu naiz. Egin izan ditugu bidaia ederrak, besteak beste, Indiara, Marokora... Orain hiru ume ditugu, eta haiekin beste mota bateko bidaiak egiten ditugu, lasaiagoak".

Lana eta afizioak ahal bezain ondoen uztartzen saiatzen da Egaña, bizitzaz ahalik eta gehien gozatzeko. Baina argi dio: "Norberaren gain dago bizitzaren zaporea".