Koronabirusa Azpeitian

Paseoak taldean eta kirola lagunduta egiteko aukera izango da bihartik aurrera

Bihartik aurrera posible izango da paseoak taldean egitea, baita kirola lagunduta praktikatzea ere. Jendea bizi den etxeetan obrak eta konponketa lanak egin ahal izango dira, eta bigarren fasean sartzen diren lurraldeetako hezkuntza zentroetan eskolak aurrez aurre eskaini ahal izango dituzte. Horrez gain, ordutegi mugak bertan behera geldituko dira, eta udalen esku utzi dute ostalaritzako ordutegi mugak zehaztea.

Espainiako Osasun Ministerioak deseskalatzearen hurrengo fasean aldatuko diren zenbait neurriren berri eman zuen atzo, zapatua, Espainiako Aldizkari Ofizialean (EAO). Hain zuzen, astelehenetik aurrera arinduko diren zenbait neurri eta arauren berri eman zuten EAOn. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa bigarren fasera igaro dira, eta beraz, bihartik aurrera posible izango da paseoak taldean egitea, baita kirola lagunduta praktikatzea ere. Jendea bizi den etxeetan obrak egitea ere posible izango da. Era berean, bigarren fasera sartu diren lurraldeetako heziguneetan eskolak aurrez aurre eskaini ahal izango dituzte. Aurreikuspenen arabera, bi asteko iraupena izango du bigarren faseak, hau da, ekainaren 7ra arte izango da indarrean.

Bada aldaketa nabarmen bat ere: bihartik desagertu egingo dira ordutegi mugak. Dena den, 70 urtetik gorako herritarrentzat bi ordutegi tarte ezarri ditu: 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00. Eta Eusko Jaurlaritzak gainerako herritarrie eskatu die ordutegi horretan kalean ekintzarik ez egiteko, "zaurgarrien" diren herritarrak "lasai" atera daitezen kalera. Bestalde, lehen fasean 23:00etarako etxean egon behar izan dute herritar guztiek, baina bihartik aurrera deuseztatu egingo dituzte muga horiek. Gainera, udalak erabaki beharko du ostalaritzan zer ordu muga ezarri. Jaurlaritzak "ahalik eta erantzukizun handienarekin" jokatzeko eskatu du, eta gogorarazi du tabernetan, terrazan nahiz barruan, eserita egon behar dela.

Paseoak eta kirola, taldean

Atzoko EAOn jasota dagoenez, Osasun Ministerioak bertan behera utzi du pertsona heldu bakar bat gehienez hiru haurrekin paseatzera irten zitekeela zioen araua. Horrenbestez, bihartik aurrera, "bizikidetza-unitateak" kalera atera ahal izango dira elkarrekin paseatzera. Deseskalatzearen aurreneko fasean dauden lekuetan, gehienez hamar laguneko taldeak ibili ahal izango dira elkarrekin paseoan, betiere segurtasun distantziak errespetatuz eta higiene neurriak zainduz. Bigarren fasean dauden lurraldeetan, aldiz, gehienez hamabost laguneko taldeak irten ahalko dira paseora elkarrekin. Agindu hori tarteko, bertan behera geldituko da bi pertsona helduri haurrekin paseatzera irtetea eragozten dion araua. Hori ez ezik, astelehenetik aurrera posible izango da kirola beste pertsona batzuekin batera egitea.

Obrak, berriro martxan

Eraikinetako konponketa lanen etenaldia ere bertan behera utzi du Osasun Ministerioak. Horrenbestez, astelehenetik aurrera berriz ere posible izango da jendea bizi den eraikinetan obrak eta konponketak egitea. Alarma egoeraren hasieran, premiazko konponketak eta esku hartzeak baino ezin ziren egin. Geroago, Espainiako Gobernuak eraikin hutsetan obrak egiteko baimena eman zuen. Astelehenetik aurrera, obrei dagozkien lanak normaltasunera itzuliko dira. Dena den, obren arduradunek higiene neurri egokiak bermatu beharko dituzte, baita pertsonen artean bi metroko gutxieneko segurtasun distantzia ere.

Aurrez aurreko eskolak

Bigarren fasean sartutako lurraldeetan, unibertsitatez kanpoko hezkuntza zentroek jarduera presentzialei ekin ahal izango diete berriro. Dena den, tokian tokiko hezkuntza-administrazioek erabakiko dute horren inguruan, eta ahal den guztietan eskolak Internet bidez eman beharko dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hainbat hezkuntza zentro bihar hasiko dira aurrez aurreko eskolak ematen, baita Azpeitian ere. Errefortzuko eskolak, unibertsitaterako hautaproba prestatzekoak edota azterketak egingo dituzte herriko ikastetxeetan.

Autoeskolek edo akademiek ere eskolak aurrez aurre emateko aukera izango dute astelehenetik aurrera, baldin eta ez badute lokalaren edukieraren herena gainditzen. Hala ere, lehentasuna eman beharko diote eskolak online eskaintzeari. Halaber, autoeskoletan zein akademietan distantzia eta higiene-neurriak bete beharko dituzte, eta bezeroen eskura jarri beharko dituzte gel hidroalkoholikoak. Gidabaimena ateratzeko praktikak egiteko erabiltzen diren ibilgailuetan derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea, eta autoa desinfektatu egin beharko da erabilera bakoitzaren aurretik eta ondoren.

Bestalde, hezkuntzarekin lotura duten hainbat jarduera ere berrekin ahal izango dituzte bihartik aitzinera, hala nola araubide bereziko irakaskuntza  saioak–artistikoa nahiz kirolari eta hizkuntzei lotutakoak–, proba libreak, aurrez aurreko jarduera unitate terapeutikoetan nahiz hezkuntza bereziko zentroetan, eta prestakuntza jarduera euskaltegietan, akademietan, eskoletan zein prestakuntza zentro publikoetan eta pribatuetan. Gainera, azterketa ofizialak antolatu eta deitu ahal izango dituzte, HABErenak kasu.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide