Koronabirusa Azpeitian

Positibo berririk ez Gipuzkoan

Uztarria.eus 2020ko mai. 23a, 17:21

Araban eta Bizkaian hamahiru kasu positibo berri izan dira guztira. Atzo 5.783 proba egin zituen Osakidetzak. Pixkanaka, baina asko hobetu dira datuak azken asteetan. Dena den, zazpi lagun hil dira azken 24 orduetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamahiru koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, eta zazpi lagun hil dira. Hala jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak eguerdian eskaini duen prentsaurrekoan. Gipuzkoan ez dute kasurik zenbatu, baina bederatzi kasu berri izan dira Bizkaian eta lau Araban. Pixkanaka, baina asko hobetu dira datuak azken asteetan.

Atzo 5.783 proba egin zituen Osakidetzak: 3.731 PCR test eta 2.052 test azkar. Datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik 19.374 positibo zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta pertsona horien %89,3ek jaso dute senda-agiria. Kutsatutakoen %7,7 hil da guztira: 1.494 pertsona, atzora arte.