Asier Sustaeta: "Mundu guztiak dauka istorio bat sortzeko"

Uztarria.eus 2020ko mai. 24a, 12:12
Asier Sustaeta. (Nora Alberdi)

Ofizioz arotza bada ere, ikus-entzunezko proiektuak sortzen ditu. Bost urtez Korosagasti filma egiten arituta, estreinatzeko pronto dute lana. Horretaz eta gehiagotaz hitz egin du Sustaetak Nora Alberdi kazetariarekin 2020 maiatzeko Uztarria aldizkarian.

Erabaki Produkzioakeko kidea da Asier Sustaeta (Azpeitia, 1979). Ofizioz arotza bada ere, afizioz ikus-entzunezko proiektuak sortzen ditu, Oihan Amezuarekin eta Netzer Bereziartuarekin batera. Gauzatu duten azken proiektua Korosagasti filma izan da. Urola Kostako hainbat pertsonaren laguntzarekin osatu dute lana, eta bost urteko sortze prozesuaren ostean, herritarrek antzokietara joateko aukera izan bezain pronto estreinatuko dute.

Imajinatu 18 urte dituzula eta ikasketak aukeratzeko unean zaudela. Arotza izatea aukeratuko al zenuke berriz ere?

18 urterekin ez da erraza lana zertan egingo duzun jakitea. Nik, baina, 16 urte nituenerako erabakita nuen egurrarekin lan egingo nuela. Uste dut arozgintzak sorkuntzatik asko duelako aukeratu nuela egurrarekin lan egitea. Izan ere, egurretik altzariak sortzerainoko bidean sormenak badu lekua. Dena den, gaur egun denboran atzera egiteko aukera izango banu, ikus-entzunezko mundutik bideratuko nituzke ikasketak. Baina ez naiz damutzen orain arte egindako ibilbidearekin. Ikus-entzunezko ikasketarik ez izan arren, modu batera edo bestera dudan sorkuntzarako grina kaleratzeko gai izan naiz.

Aio, Oinaze egoitzak, Kronos, Korosagasti... Zerk bultzatzen zaitu ikus-entzunezkoak sortzera?

Erabaki Produkzioakeko kidea naiz, eta taldea sortzeko izan genituen arrazoi berberak medio aritzen gara sortzen, hau da, zinema eta irudia oso gustuko ditugulako. Halere, uste dut zinema bera baino gehiago gustatzen zaidala eta zaigula, oro har, zinemagintza. Mundu guztiak dauka istorio bat sortzeko, amesteko edo sortuta dagoen beste bat eraldatzeko ahalmena, eta guk, Erabakiko kideok, amets hori ikus-entzunezkoen munduko pantailara eramatea erabaki dugu. Hain zuzen ere, erabaki hori hartu genuelako gara Erabaki Produkzioak.

Zergatik duzu gustuko irudiaren mundua?

Soinua irudia bezain garrantzitsua dela da ikus-entzunezkoen arloan daramatzadan urte gutxi hauetan ikasi dudan gauzetako bat. Bakoitza lanaren %50 da. Biek behar bezala bat egiten dutenean, sortzaileak ikaragarrizko gaitasuna izaten du ikuslea edozein garaitara eramateko eta haren sentimenduak dantzan jartzeko. Beldurra, tristura, alaitasuna, haserrea... eragin ditzake bien baturak. Horrek asko erakartzen nau, eta horretarako ahalmena izateak ere bai.

Zergatik egin duzu Korosagasti?

Horixe galdetu dit alabak bost urte hauetan: zergatik jarraitzen dudan film hori egiten. Eta, egia esan, zergatia ez daukat garbi. Uste dut istorioak merezi duela kontatzea, istorio latza delako benetan. Gainera Azpeititik gertu, Beizaman, jazotakoa da gertakizuna, eta horrek are arrazoi gehiago eman zigun filma egiteko. Badut gaiak oso gertutik ukitzen duen lagun bat, eta hasieratik izan dut hari omenaldi moduko bat egiteko nahia ere. Bestalde, jende pila bat dabil ikus-entzunezkoen munduan sartuta. Ikasketadun jende mordoxka bat dago inguruan, bai arlo teknikoan aritzen dena, bai arte eszenikoetan dabilena. Horiek oso proiektu interesgarriak egiten dituzte bakoitzak bere kontura, eta pentsatu nuen Korosagasti izan zitekeela elkarlanerako lehenengo proiektua. Halaxe izan dela esan dezaket.

Sortze prozesua berezia izan da, ezta?

Bai, prozesua luzea eta berezia izan da. Horrelako proiektu bat, film profesional bat, urte eta erdian ekoizten da normalean, eta guk bost urte eman ditugu horretan. Prozesua pausoz pauso gauzatu dugu. Halaxe egin nahi genuen hasieratik; izan ere, ikusten genuen talde txikia ginela. Bagenekien egin duguna baino denbora gutxiagoan ezingo genuela gauzatu. Denok denbora librean hartu behar izan ditugu tarteak, eta ez da erraza izan. Lehenengo gidoia osatzeko sormen beka jaso genuen. Lehen eskema egin nuen nik, eta gero, Alaitz Olaizolarekin eta Miren Gorrotxategirekin osatu genuen gidoia. Bigarren fasean, taldeak osatu genituen: talde artistikoa, castinga egingo zuen taldea, irudiaren taldea, soinuaren taldea, ekoizpen taldea... Behin aurrekoizpena eginda, grabaketari heldu genion. Proiektu profesionaletan eta amateurretan gertatzen den moduan, gorabehera asko izan genituen, baina gainditu ere egin genituen, eta 36 grabazio egunen ostean, emaitza txukun batekin gelditu ginen. Ondoren, grabatutako irudien hautaketa egin eta editatzeari ekin genion. Oihan Amezua azpeitiarra arduratu da kolorearen tratamenduaz, eta Fabio Morenas zestoarra soinuaren postprodukzioaz. Azken pausoa gelditzen zaigu emateko, banaketari lotutakoa.

 

 

Zer ikasi duzu prozesuan?

Batez ere, ekoizpen lana egiten. Ia 200 lagunek parte hartu dute proiektuan, eta ondorioz, jendearekin harremana izaten eta talde handiagoarekin lan egiten ikasi dut.

Nondik atera dituzu bost urte luze proiektuarekin aurrera jarraitzeko gogoa eta indarra?

Izan dira dena bertan behera uzteko gogoa izan dudan momentuak. Bost urteotan denetarik pasatu da, bai aurreprodukzioan, bai grabaketan, baita ondoren ere. Begira nola gauden orain ere... Dena amaituta dugu, filma estreinatzeko prest dago, baina, hala ere, ezin. Hainbeste lagun inplikatu denez eta dirulaguntza batzuk jaso ditugunez, konpromiso handia sentitzen dut. Omenaldia egin nahi diodan lagun hori ere ez da momenturik onena pasatzen ari, eta horrek ere ematen dit beste bultzada; lagun horri poza emateagatik bukatu nahi dut prozesua. Jaione emazteari ere eskerrak eman nahi dizkiot, bere babesagatik izan ez balitz ez nukeelako erokeria hau egingo.

Emaitzarekin gustura gelditu al zara?

Ez dakit nik esatea ondo dagoen, baina emaitzarekin oso gustura gelditu naiz; izan ere, uste dut aurrerapauso handia eman dugula orain arte egindako bidean. Proiektua amateurra izan arren, emaitza profesionala lortu dugulakoan nago. Baina beno, hori ikusleek esan beharko dute.

Korosagastiren estreinaldi eguna nolakoa izango dela imajinatzen duzu?

Iristeko amorratzen nago. Dena den, badakit oso gaizki pasatuko dudala, urduri egongo naiz ziur. Orain arte egin ditugun estreinaldietan oso urduri egon izan naiz, eta oraingoan ez dut uste lasaiago egongo naizenik. Uste dut 60 minutuko film on bat egitea lortu dugula, eta haren aurrestreinaldia Soreasun egingo dugu. Gero ikusiko dugu filmak zer ibilbide izan dezakeen.

Beizaman estreinatzeko proposamenik jaso al duzu?

Bai, hara ere joango gara. Han hasi zen guztia, eta tokatzen zaigu istorioa Beizaman ere kontatzea.

Erabat aldatzen ari da ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modua. Zer iritzi duzu egoeraz?

Dena azkarra da: "Hau ez zait gustatzen", eta bota. Beste bat hartu, eta "hau ez", beraz, bota hori ere. Ikus-entzunezkoen kasua ere halakoxea da, eta gainera, ikuslea erakartzea ez da batere erraza. Jendea azkar nazkatzen da produktu bera ikustearekin, borroka handia dago eta interes ekonomikoak ere izugarriak dira. Uste dut formatu zaharrak ez duela etorkizunik; izan ere, leihatila bitartez horrelako proiektu handiak finantzatzea ez da erraza. Plataforma digitalak daude gailurrean; horiek egiten dituzte ekoizpenik handienak. Dena den, horiek ekoizpen handienak dira, baina ez dute zertan politenak edo onenak izan behar. Film bakoitzaren atzean istorio bat dago, eta istorioa da ikuslea erakartzen duena.

Aurrera begira, zer asmo dituzu?

Korosagasti aurkeztu eta atseden hartuko dut; etxekoek eskertuko dute, eta nik ere bai. Arnasa hartu beharra dut. Gustura aritu naiz, baina bost urte luze izan dira, eta nekea nabaritzen dut.