Autobusean egindako pintaketak "lekuz kanpo" daudela salatu du Udal Gobernuak

Uztarria.eus 2020ko mai. 22a, 17:46

EH Bilduko udal ordezkariek "desadostasuna" agertu dute ekintzaren aurrean, eta adierazi dute Azpeitiko Udal Gobernuak bizikidetzaren eta normalizazio demokratikoaren alde jarraituko duela lanean. Aldundiak ekintza gaitzetsi du, eta "elkartasuna eta gertutasuna" adierazi dizkie autobusean ziren bost lagunei zein gidariari. Azpeitiko EAk ere ekintza "guztiz arbuiagarria" dela eta "irmoki" salatzen duela jakinarazi du Twitter bidez.

Gaur goizean Azpeitia eta Zumarraga arteko lineako autobus bati ezezagunek egin dizkioten pintaketak "lekuz kanpo" daudela eta "guztiz salagarriak" direla adierazi du Udal Gobernuak. EH Bilduko udal ordezkariek "desadostasuna" agertu dute ekintzaren aurrean, eta adierazi dute Azpeitiko Udal Gobernuak bizikidetzaren eta normalizazio demokratikoaren alde jarraituko duela lanean, "herritar guztien eskubideak oinarri hartuta, eskubide urraketa guztiak salatuz, presoen eskubideen aurka ematen ari diren giza eskubide urraketak barne". Udal Gobernuak ohar bidez adierazi duenez, "beharrezkoa" da denek parte hartzea eta pausoak ematea, eta bide horretan, "elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea eta konpromisoa" duela berretsi du.

Udal Gobernuak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere salatu du gertaera. Aldundiak ekintza gaitzetsi du, eta azaldu du autobusaren barruan ziren bost bidaiariek eta gidariak barruan egon behar izan dutela eta ez dutela kalterik jasan. Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak "elkartasuna eta gertutasuna" adierazi dizkie autobusean ziren lagunei, eta ekintza salatu du, halako protestek "Gipuzkoako herritarrek gainditutako uneetara itzultzea" eragiten dutelako. Gainera, hark adierazi du gipuzkoar guztien jabetzakoa den garraio publikoari egin diotela erasoa.

Azpeitiko EAk ere ekintza "guztiz arbuiagarria" dela eta "irmoki" salatzen duela jakinarazi du Twitter bidez. "Ez gara sartuko Patxiren borroka eredugarria denaren eztabaidan, baina jarrera hau eredugarria ez dela jakinekoa da. Ekintza hauek ez dute lekurik ez gure herrian ez inon!", azaldu du EAk.