Koronabirusa Azpeitian

Hego Euskal Herria bigarren fasean sartuko da astelehenean

Espainiako Ministroen Kontseiluaren ostean jakinarazi egin du fase aldaketen gaineko agerraldia Salvador Illa Osasun ministroak. Hark iragarri du Hego Euskal Herria bigarren fasera igaroko dela datorren astelehenean. Hainbat aldaketa izango da neurrietan. Jaurlaritzak oraindik ez du bere erabakiaren berri eman.

Datorren astelehean deseskalatzearen bigarren fasera pasatuko da Hego Euskal Herria. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak Ministroen Kontseiluaren ostean egin du agerraldia, eta hark jakinarazi du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa lehen fasetik bigarren fasera igaroko direla. 

Bigarren fasera sartuta, Espainiako Gobernuak neurri berriak jarriko ditu indarrean, eta horrek hainbat aldaketa eragingo ditu. Dena den, Eusko Jaurlaritzak badu neurri horien gainean aldaketak egiteko aukera, baina oraingoz ez du azalpenik eman.

Espainiako Gobernuak Aldizkari Ofizialean jaso duenez, besteak beste, taberna eta jatetxe barrura sartzeko aukera egongo da astelehenaz geroztik, beti ere edukieraren %30 bete arte. Horrez gain, etxetik kanpo gehienez hamabost lagunek izango dute elkartzeko aukera. Soziedadeek eta lokalek, berriz, itxita jarraitu beharko dute bigarren fasean.

Espainiako Gobernuak erabaki du kirola egiteko eta kalera ateratzeko ordutegi zehatzik ez jartzea astelehenetik aurrera. Dena den, izango da muga bat: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara 70 urtetik gorako herritarrak baino ezingo dira atera paseatzera edo ariketa fisikoa egitera. Espainiako Gobernuak hori iragarri badu ere, ordutegien gaineko erabakia erkidego bakoitzak hartu ahal izango du.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide