Koronabirusa Azpeitian

Maskarak eta eskularruak, errefusara

Koronabirusarekin kutsatzea saihesteko babes tresna horiek ezin direla birziklatu eta, poltsa itxietan sartuta, errefusarentzako edukiontzietan bota behar direla azaldu du Urola Erdiko Mankomunitateak.

Aho-sudurrak estaltzeko maskaren erabilera erabat zabaldu da COVID-19 gaitzaren hedapena saihesteko babes gisara; eta are gehiago zabalduko da, atzotik maskara erabiltzea derrigorra baita hainbat gunetan eta unetan. Nitrilozko, plastikozko eta bestelako erabilera bakarrerako eskularruak ere ohiko tresna bihurtu dira pandemia garaiotan. Batzuek zein besteak erabili ondoren nola jokatu, maskarak eta eskularruak zakarretara nola bota behar diren zalantzak ere sortu dira. Horiek argitze aldera, babes tresna horiek ezin direla birziklatu eta, poltsa itxietan sartuta, errefusarentzako edukiontzietan bota behar direla azaldu dio Urola Erdiko Mankomunitateak Uztarriari.

"Normalean ez dira kontaminatuta egongo, baina ez kutsatzeko erabilitzen ditugu hain justu, eta garrantzitsua da maskara eta eskularru horiek errefusara botatzea. Garrantzitsua da, era berean, poltsa itxietan botatzea edukiontzira; etxean ere horrelako hondakinak gordetzeko estalitako zakarrontziak erabiltzea gomendatzen ari dira osasun larrialdia hasi zenetik. Eta are garrantzitsuagoa da, noski, erabilitako maskarak eta eskularruak lurrera ez botatzea", dio Orkatz Goenaga mankomunitateko teknikariak.

Berrerabilgarriak ere badauden arren, erabilera bakarreko edo epe mugaturako erabilera duten maskarak dira orain arte gehien hedatu direnak. Ondorioz, birziklatu ezin daitezkeen hondakinen kopuruak gora egingo du aurrerantzean. Horren jakitun dira mankomunitatean, baina argi dute uneotan garrantzitsuena koronabirusa ez hedatzea dela. Goenagaren esanetan, "gaixo ez gaudenok maskara kirurgikoak erabili beharrean berrerabilgarriak erabiltzea ondo egongo litzateke. Plastikozkoak dira maskara eta eskularru asko, eta badira saihestu beharreko praktikak. Baina ez dut uste orain lehentasuna horrek izan behar duenik".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide