'Euskal kantagintza berria' liburuaren berrargitalpena aurkeztu du Pako Aristik

Uztarria.eus 2020ko mai. 21a, 14:05

Duela 35 urte argitaratu zuen Euskal kantagintza berria liburuaren berrargitalpena aurkeztu du gaur, osteguna, Pako Aristik. Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoa alboan zuela egin du streaming bidezko aurkezpena azpeitiarrak. Aldekoaren hitzetan, 1985ean idatzi zuen liburuarekin asmatu zuen Aristik; izan ere, hark esan duenez, liburu "erreferentea" izan da azpeitiarrak 21 urterekin idatzi zuena.

Aristik denboran atzera jo du, liburua egiteko aukera nola sortu zitzaion azalduz: "Bernardo Atxagak proposatu zuen liburua nik egitea Ereinen. Kazetaritza ikaslea nintzen, ordurako elkarrizketa batzuk eginak nituen hainbat egunkaritarako, eta hark defendatu zuen Ereinen liburua nik egin behar nuela. Enkargua pozarren eta zoratzen hartu nuen, bi arrazoigatik: euskal kantagintza asko entzuten nuelako sasoi hartan eta musikariak izugarri maitatzen, estimatzen eta baloratzen nituelako; egia esan, nire bizitza aberasteko oparia izan zen haiei elkarrizketak egitea. Bestalde, lanerako gogoa nuen, ilusioa, eta liburu bat egiteko aukera zoratzen onartu nuen".

Aurkezpenean egoterik izan ez badu ere, Jon Eskisabel ekarri du gogora Aldekoak, hark egin duelako berrargitalpenerako hamabi orrialdeko hitzaurrea. Euskal musikagintzan aditua da Eskisabel, eta Aldekoak esan duenez, merezi du libururako egin duen hitzaurrea irakurtzeak; izan ere, 1985etik hona euskal musikagintzak izan duen bilakaera jaso du bertan. Edizio zuzendua da Ereinek orain plazaratu duena, eta Aristi beraren hitz batzuk jaso dituzte liburuaren kontrazalean.