Haizea Uranga, Elene Viles eta Mirari Uria mailaz igo dira Realarekin

Uztarria.eus 2020ko mai. 21a, 11:00
Goiko ilaran, ezkerretik laugarrena da Uranga eta zazpigarrena Uria; eta beheko ilaran ezkerretik hirugarrena Viles. (Argazkia: Reala)

Realaren emakumezkoen bigarren taldean jokatzen dute hiru futbol jokalari azpeitiarrek, eta Lehen Nazional ligara igotzea lortu dute.

Haizea Uranga, Elene Viles eta Mirari Uria futbol jokalari azpeitiarrak Lehen Nazional ligara igo dira Realaren emakumezkoen bigarren taldearekin. Espainiako Futbol Federazioak lehiaketetarako ezarritako irizpideei jarraituz, Euskadiko Futbol Federazioaren zuzendaritzak erabaki zuen txapelketa autonomiko guztiak amaitzea, jokatutako azken jardunaldiak utzitako sailkapena errespetatuz.

Urangak, Vilesek eta Uriak jokatzen duten Reala Euskal Ligako sailkapeneko lehena zen 64 punturekin, Eibar B bigarren sailkatuak baino zortzi puntu gehiagorekin. Jokatutako 23 partidetatik 21 zituzten irabazita, eta bana berdinduta eta galduta. Datuak oso adierazgarriak dira; 105 gol sartu dituzte 23 jardunalditan eta zortzi gol besterik ez dituzte jaso.

Bi denboralditan jarraian lortutako bigarren maila igoera dute, halaber, hiru azpeitiarrek. Talde txuri-urdinarekin iaz lortu zuten Euskal Ligara igotzea Urangak, Vilesek eta Uriak; orain, berriz, Lehen Nazional ligarako txartela eskuratu dute.