Koronabirusa Azpeitian

Eta gero zer?

Uztarria.eus 2020ko mai. 22a, 12:38
Itziar Arangurenek ‘Psikobirusa’ deituriko ilustrazioaren bidez egin du analisia. (Itziar Aranguren)

Hainbat arlotan aritzen diren adituei koronabirusaren krisiak utziko dituen ondorioez gogoeta edo analisia egitea eskatu die Uztarriak 2020ko maiatzeko aldizkarian

Analisia egitea. Horixe eskatu die Uztarriak ekonomia, informatika, politika, kultura nahiz gizarte arloan aritzen diren hainbat adituri. Hain zuzen ere, COVID-19ak utzitako krisiak eta ondorioek zer ekarriko duten azaldu dute zortzi herritarrek, bakoitzak beretik.

Eider Alkorta: "Kontserbadurismoak garaile izateko aukera asko ditu partida honetan"

Politologoa eta EHUko irakaslea

"Krabelinen Iraultzaren 46. urtemugan, Antonio Costa Portugalgo lehen ministroak honako hau zioen Twitterren: 'Beti defendatu dut alarma egoerak ez duela demokrazia baliogabetzen. Gaur, inoiz baino gehiago, apirila ospatu behar dugu. Demokrazia, askatasuna, apirilaren 25a beti!'.

Costak esandakoak ez dira hitz hutsalak, COVID-19aren aterkipean, asko, gehiegi, izan baitira demokraziaren eta askatasunaren balioak zokoratu dituztenak, balizko ziurtasun eta ongizate kolektiboaren mesedetan. Komunitate edota kolektibo baten salbazioa helburutzat edota aitzakiatzat hartuta, ordezkari zein herritar ugari prest agertu dira beren eskubide indibidualei nahiz kolektiboei uko egiteko; tira, beraienei, eta herritar eta bizilagunenei ere bai. Bat-batean, Nietzscheren moralinaren txertoa hartuta, barnean zeukan polizia txikia ateratzeko aukera paregabea ikusi du zenbaitek. Hamaika ikusteko jaioak gara, eta gurean hain laidoztua izan den salatari hitza dagoeneko ez da zigortu beharreko jokabidea, salatariak denon onurarako jokatzen du eta. Oharkabean eta ia erresistentziarik gabe, polizia kontrola ezarri da, eta hor dira herritar arduratsuak kontrol sozialaren gidari lanetan, George Orwellen 1984 liburua irudikatzeko asmoz edo.

Batek baino gehiagok irudikatu nahi izan du balio komunitarioetan indartsua den eta elkartasunean nahiz zaintzan errotuta dagoen gizarte egitura. Hori eta ongizate kolektiboa benetako xedeak balira, gizarte justu eta solidarioa ekarriko liguke COVID-19ak. Gurean, besteak beste, iruzur fiskala desagertuko litzateke, ez genuke bestaldera begiratuko besteek sufritzen dituzten injustizien aurrean edo ez genuke gizartean eta instituzioetan inolako segregaziorik bultzatuko eta onartuko.

Zer nahi duzue esatea, ez da hori pandemiaren ondorenean irudikatzen dudan gizartea. Ugariak dira fiskalizazioak eta sortu berri den 'erantzukizun' sozialak zenbaitetan norabide eta eduki okerrak hartu dituzten zantzuak, eta erabakiren baten inguruan duda-mudak agertu dituena ongizate kolektiboaren etsai gisa seinalatu da. Askatasun eta eskubide murrizketak hain modu naturalean eta azkarrean barneratzen dituen artaldeak beldurra ematen dit. Ez dakit non buka dezakegun jabetzen al garen, baina demokraziatik urrun legokeen sistema batean esango nuke.

COVID-19ak ondorio politiko, sozial eta ekonomikoak izango ditu, eta ekonomia arloko ziurgabetasunak eta beldurrak ondorio politiko zuzenak izaten ditu. Horrelako egoerak dinamika eta estrategia berriak martxan jartzeko aukeratzat ere ikus daitezke, baina kontserbadurismoak garaile izateko aukera asko ditu partida honetan. Eta kontserbadurismoa teorikoki espektro ideologikoan oso urrun kokatzen diren espazio ezberdinetan barreiatzen da. Ezin dugu ahaztu gizakiok egoera berrietara egokitzeko dugun gaitasunaren parekoa dela pairatutako krisietatik edota egoera ezberdinetatik ateratzen den eskarmentu eskasa. Aurretik bizi izandako ekonomia krisiak dira horren adierazle; behin trumoia pasatuta, harri berarekin estropezu egiteko abilezia ikaragarria erakutsi baitugu.

Artikulu hau idazten ari nintzela, hauteskundeak uztailean izatea nahi duela azaldu du Urkulluk. Urrun ikusten dut Krabelinen Iraultza, ez dira garai onak lirikarako".

Pako Aristi: "500.000 biztanleko liburu denda bat geratuko da"

Idazlea

"Geopolitika arloan, garbi ikusi da herrialde txikiek handiek baino hobeto kudeatu dutela arazoa; noski, estatua eduki behar horretarako. Europan, behintzat, Frantzia, Espainia, Italia eta Erresuma Batua desastre hutsa izan dira, Alemania soilik salbatu da; txikiek, aldiz, modu eredugarrian eraman dute auzia: Finlandia, Suedia, Grezia, Norvegia, Danimarka, Estonia, Islandia eta abar. Ongizatea estatu txikietan pausatuko da; handietan arazoak, xenofobia, arrazismoa eta fanatismoa (are gehiago) hedatuko dira.

Euskal Herrian inoiz baino garbiago ikusi dut Espainiarekiko nazka eta aspermena; Irungo muga ixteak garbi agertu du gure haustura nazionala. Euskaldunok geure kasa antolatu beharraren ideia nabarmen sakonduko da aurrerantzean, aldaketa sakona behar dugula etorkizunak ekarriko dizkigun arazo ugariei aurre egiteko.

Ohitura mailan bukatu dira, puska batean, airezko bidaia luzeak. Mundua gure zerbitzura zegoen Disneylandia erraldoi baten gisan ikusten genuen, miseriak gogor jotako lurraldeetan erregeen gisan ibiltzen ginen gure azal zuri eta euro boteretsuekin. Bukatu dira Balin surf egitea, New Yorken erosketak eta Tailandian turismo sexuala. Noizean behingo opari izango dira bidaia luzeak, ez urteroko planak. Hurbilean dugun edertasuna baloratuko dugu inoiz ez bezala.

Ustez zorionaren osagai ziren gauza asko gutxietsiko ditugu orain, hura abusu bat zela ikusiko dugu. Gure bizitzan galdera hau planteatua dago: lehen egiten genituen gauza guzti haiek beharrezkoak al ziren? Erantzunetik sortuko da oreka berria, ala kaos handiagoa.

Diruaren banaketa izango da gizarteko borroka nagusia, alegia, enplegua, soldatak, kredituen interesak eta subentzioak. Dirua ez baita desagertu; lehen zegoen adina dago, eta gehiago ari dira botatzen makinetan. Dirua gugana iristeko bideak ireki nahiko ditugu, jakinik daukatenek bide horiek itxiko dituztela etengabe, eta gupidagabe.

Liburuei dagokienez, salmenta izugarri jaitsiko da, auto laguntzakoena salbu. Emozio motela eskaintzen du liburuak, eta jendeak estimulu gogorragoak nahiko ditu, liburuak itxialdia gogoraraziko baitio jendeari. Jaurlaritzari ez diot entzun liburua eta liburu dendak salbatzeko asmorik; bai, ordea, temati AHT egiten jarraitzeko asmoa. 500.000 biztanleko liburu denda bat geratuko da, enporio komertzial espainolak kenduta: Araban bat, Nafarroan eta Gipuzkoan bi, Bizkaian hiru eta Iparraldean bat ere ez".

Mari Jose Aranguren: "Ekoizpena egiten den lekuan eta egiteko moduan aldaketa eman daiteke"

Ekonomian doktorea eta Orkestra Euskal Lehiakortasun Institutuko zuzendaria.

"Gure ahultasun maila nolakoa den konturatuko gara. Koronabirusa gisako kanpoko faktore batek gure bizitzetan zenbaterainoko eragina izan dezakeen jabetzera eraman gaitu krisi honek. Izan ere, psikologikoki oso mugatuak garen sentipena sortu digu. Horrez gain, bizitzan zer gauza diren garrantzitsuak ikusten lagunduko digu. Hau da, konturatuko gara, bizitzarako eraikita genituen hainbat eta hainbat behar artifizialak direla, eta ez direla hain erdigunekoak. Gure bizitzako zutabe garrantzitsuak non dauden ikusten lagunduko digu, eta zer ez den garrantzitsua bereizten ere bai. Dena den, gerta daiteke hau guztia ahaztea ere... Behin etxetik ateratzen hastean, ahaztu egingo ote zaigu hau dena?

Ekonomiari dagokionez, uste dut globalizazioak eta kanpo merkataritzak indarra izaten jarraituko dutela, baina zalantzan jarriko dugu gauza bakoitza non eta nola ekoizten den: zer erosten dugun kanpoan, zer ekoizten dugun hemen... Orain arte, ekonomian just in time deituriko tendentzia izan da indarrean; hau da, biltegietan ahalik eta gauza gutxien izatea eta piezak ahalik eta merkeen eskuratzea beste herrialdeetan, gure produktua modu efizienteagoan egin ahal izateko. Hori guztia zalantzan jarri du koronabirusaren krisiak, une batean hornidurarik gabe geldituz gero, ekoizpen prozesu osoa gelditzen delako. Beraz, agian, hainbat ekoizpen herri mailan egingo dira hemendik aurrera; ekoizpena egiten den lekuan eta egiteko moduan aldaketa eman daiteke.

Horrez gain, krisi honek eragina izango du digitalizazioaren eta mugikortasunaren arteko dikotomian. Gutxiago mugituta eta baliabide digitalak erabilita, ondo funtzionatzen dugula ikusten ari gara. Uste dut mugikortasun maila jaitsi dezakegula digitalizazioaren mesedetan. Hori egiteak, adibidez, klima aldaketan eragin positiboa izan dezake, lana modu eraginkorragoan egitea ere ekar dezake, eta kontziliazioa erraztu ere bai. Baliabide digitalak erabilita eta mugikortasuna jaitsita, oreka aurkituko dugu".

Mikel Izurieta: "COVID-19a ez bezala, klimaren krisia ez du txerto batek konponduko"

Ekologia ekintzailea

"Berrogeialdiak pentsatzeko denbora ugari eman digu. Dena gelditu da, gure burmuinak izan ezik. Inork ez digu inoiz erakutsi gure buruarekin bakarrik egoten, eta bat-batean, gure buruarekin hitz egiten ikasi beharra izan dugu.

Gizadi berri baten hasieran geundela iradokitzen zuten lehen egunek, gizakion aktibitatea gelditzeak onura ekologiko asko ekarri baitzituen. Zeruak garbi, urak garden, txoriak kantari, animaliak errepideen jabe... patuaren mezu bat izango balitz bezala, guztiok Twitterren txioka, iraultza baten presentzian bageunde bezala.

Berrogei egun etxean igaro ostean, ordea, errealitatea desberdina da, edo horrela nahi digute saldu. Jada aste batzuk badaramatza lanean zenbaitek, beldurrez baina derrigortuta. Irudiek, baina, hirietako jendetzak erakusten dituzte. Azkar amaitu zaigu kolektiboa maite genuen amets hura, ekonomiak eta indibidualitateak kolpez esnatu gaituzte. Lehenago edo beranduago etxetik irten beharko dugu, ordea, urri edo oparo, denok behar dugu dirua bizirauteko. Jar dadila ekonomia martxan!

Krisiak ekonomiaren berpiztea ekarriko du, eta berpizteko, besteetan funtzionatu duen formula erabiliko da: industria. Aditu askok iragarri duten bezala, industria prozesuak berriz lokalizatuko dira, etorkizun ezegonkor honi aurre egiteko. Nola eragingo dio horrek, ordea, arnasten dugun aireari, zeruaren koloreari, uraren gardentasunari edota txorien kantuei?

Zenbaitek Kapitalismo Industrial bezala ezagutzen duen egungo sistema erregai fosiletan dago errotuta, eta bata ezin da bestea gabe ulertu. Erregai fosilek CO2 ugari isurtzen dute energia eraldaketa prozesuan, eta energia edozertarako behar dugu: produktuen garraioa, ekoizpena, pertsonen mugikortasuna... Krisialditik irteteko, beraz, gehiago ekoiztu eta kontsumitu behar da. Energia gehiago behar dugu, beti gehiago. Ekonomia hazteko erabiltzen bada, kutsadura ez dago horren gaizki. Bestalde, eraldaketa ikusiko dugu datozen urteetan. Energia berriztagarriek gorakada handia izango dute. Erregai fosilen ustiaketak gero eta energia nahiz ekonomia errentagarritasun txikiagoa du, eta aldiz, berriztagarriak gero eta efizienteagoak dira. Energia ekoizpenak, ordea, zeresan handia du herrialdeen arteko botere harremanetan; geopolitikak gizakion existentziak baino gehiago balio du, tamalez. Beraz, zaila da asmatzea benetako trantsizio energetikorantz goazen edo berdez tindatutako etorkizun beltzerantz.

Baina baliabide finituak dituen planeta batean infinituki haztea ez da bideragarria, energiaren jatorria dena delakoa izanda ere. COVID-19a ez bezala, klimaren krisia ez du txerto batek konponduko, berotegi efektuko gasen isurketa murrizteak eta erregai fosilekiko dugun menpekotasuna mozteak baizik. Eta gero eta denbora gutxiago daukagu horretarako.

Egoerak ekarritako digitalizazioaren ondoren, teknologiek mundua mugiarazten duten unea heltzen denean, iraungitze arriskuan dagoen espeziea garela ohartu eta mobilizatuko al gara? Edo Jon Kortajarenak bezala, patata tortilla bizikletan ekartzeko eskatuko dugu?

Eboluzioa edo inboluzioa, batek daki".

 

 

Oihana Elduaien: "Hain desprestigiatuta zeuden haietara jo dugu informazio bila"

Kazetaria.

"Beti izan naiz txarra iragarpenak egiten. Ez dakit koronabirusak zer eragin utziko dituen zuzenean gure osasunean, baina albo kalteak utziko dituela, seguru. Nola geldituko gara psikologikoki? Nola geldituko dira gure umeak hilabete baino gehiagoz etxean sartuta eta lagunekin egoteko aukerarik gabe izan ondoren? Nola geldituko dira gure zaharrak, etxean, mimatuko eta animatuko dituzten biloba, seme-alaba, lagun edo dena delakorik gabe egon ostean? Eta nola gu? Izaki sozialak izanik, bakardadera bultzatu gaituztenak?

Eta gero? Nola izango dira gure harremanak gero? Elkarri musu ematera gerturatuko al gara? Edo kutsatzeko beldurra izango dugu? Harremanetarako gaitasuna ez zaigu murriztuko? Gaitasuna, gogoa, joera...

Beldurra nagusi. Beldurra eta autoritarismoa. Elkartasun sareak sortu dira, eta pozgarria da, baina kontrapuntu gogorra ere ikusi dugu: elkartasun eta enpatia eza. Balkoietako poliziak, bizilagunak salatu dituztenak... Ez digute utzi krisi honen kudeaketan iritzia emateko zirrikiturik. Ez digute eman arduratsu izateko aukerarik. Kartzelan sartu gaituzte, eta kito. Geure etxeetan, bai, baina preso. Horrek zer ondorio utziko du? Estatuaren indarra, Espainiaren zentralismoa, autoritarismoa, ezina...

Argi gelditu den beste kontu bat: kapitalaren indarra. Ekonomia ez dadila gelditu. Ez behintzat ekonomia handia. Eta txikia? Kaleak betetzen eta bizirik mantentzen dituzten dendak, tabernak eta abarrak? Itxita. Derrigorrez. Baina kapitalak jarraitu behar du, eta ordaindu zure kuota guztiak. Ezin duzu arroparik saldu, baina denda handiek salduko dute nahi duten guztia Internetez. Internetez erosketak egiten ohituta ez zeudenak ere ohituko ziren egun hauetan ziurrenik. Erraza da. Itzuliko al gara denda txikietara? Denok nahi ditugu denda txikiak, denok nahi dugu bizia kalean, baina... itzuliko gara? Gure poltsikoak utziko digu?

Eta kultura? Zerk lagundu digu itxialdi honetan? Filmak, liburuak, hainbat plataformetako antzerkiak, kontzertuak... Baina noiz? Noiz itzuliko da hori bere onera (inoiz bere onean egon bada)? Azpeitiak kulturaren zentro izaten segituko al du? Gauza bat argi dago: kultura behar-beharrezkoa dugu, ez bakarrik itxialdia arintzeko, baita pentsatzen laguntzeko ere. Eta sortzaileak ez ditugu zaintzen.

Sare sozialen, bideo deien, telelanaren eta komunikabideen itxialdia izaten ari da. Komunikabideak. Hain desprestigiatuta zeuden haietara jo dugu informazio bila. Komunikabideek (batzuek) ikaragarrizko lana egin dute herritarrak informatzeko. Eta argi gelditu da haien beharra. Jakingo al dugu hori konpentsatzen?

Jakingo ote dugu hainbeste txalotu dugun osasungintza publikoa defendatzen? Zaintza erdigunean jartzen? Benetan beharrezko direla agerian gelditu diren sektore zapalduenak prestigiatzen? Jakingo al dugu? Edo kapitalak markatuko al du bidea, hemendik aurrera ere?

Ez naiz ona iragarpenak egiten. Zerbaitegatik da nire lana galderak egitea, ez erantzutea. Baina bi aukera nagusi ikusten ditut: itxialdian asaldatu gaituzten gauzak aldatzeko bidea hartzea, kolektiboki; edo, bizimodu normalera itzultzen garenarekin batera, asaldura guztiak ahaztu, eta gutxieneko bizi-baldintzei eustea lortzen baldin badugu behintzat, bertan goxo geratzea, indibidualki. Badakit zer nahi dudan, baina ez naiz ona iragarpenak egiten".

Josu Azpillaga: "Adineko pertsonentzako teknologiaren boom bat biziko dugu"

Industria ingeniaria eta Codesyntax enpresako berrikuntza proiektuen koordinatzailea

"Teknologia digitalei eta IKTei erreparatuta, koronabirusaren astinaldi honek ekarriko dituen aldaketak lehendik abiatuta zeuden joera batzuk indartzearen eta intentsifikatzearen ondorioz etorriko direla iruditzen zait. Sumatu dira joera horietako batzuk itxialdiko egunetan ere. Hona hemen, nabarmenenetako batzuk:

  1. IKTek, konektatutako gailuek eta pantailek toki handia zuten, dute eta izango dute geroan ere. Joera areagotu egingo da.
  2. Denok ez gaude, baina, egoera berean. Gero eta gehiago hitz egingo da arrakala digitalaz eta konexio eskubideaz, eta hori ez dute enpresek eta operadoreek bermatuko.
  3. Telelana, telebilerak, teleirakaskuntza, telemedikuntza, telezaintza... Ez oraingo intentsitatez, baina naturalago txertatuko ditugu egunerokoan, eta zenbait ohitura ordezkatuko dute.
  4. Osasuna eta pribatutasuna kontrajarriko dira, 2011ko segurtasuna versus eskubideak haren ildotik. Garbi ikusi da egunotan, GPS eta bluetooth bidezko zenbait jarraipen aplikazio direla eta. Pribatutasunak galdu egingo du.
  5. Gure datuak enpresa handien esku daude. GAFA (Google, Apple, Facebook, Amazon) delakoei, bankuei eta operadoreei sekulako indarra ematen die horrek, besteak beste, politika publikoak diseinatzeko. Datuen jabetzaren gaia agendan egongo da, eta erakunde publikoak edo bestelako ekimenak saiatuko dira egoera iraultzen, baina kostatuko zaie.
  6. Saltoki elektronikoaren goranzko joera bizkortu egin da, eta ez da geratuko. Saltoki txikiagoei zuzendutako aplikazio eta teknologia garapen saiakera ugari ikusiko dugu.
  7. Sarean edukia ordaintzen ohitzen ari gara, batez ere, streaming plataformei esker. Masiboagoa izango da. Hedabide digitalek, erreferentzialtasuna irabazita, eredu horretara gerturatu nahiko dute orain baino modu nabarmenagoan. Euskararentzat nekez balioko du eredu horrek, bere horretan behintzat.
  8. Osasunarekin zerikusia duten aplikazio harrigarriak ikusiko ditugu mugikorretan. Datuak, berriro, eta adimen artifiziala.
  9. Adineko pertsonentzako teknologiaren boom bat biziko dugu: gailu bereziak, errealitate areagotua, zaintza sistemak, komunikaziokoak, parametroen kontrolekoak eta abar.
  10. Teknologia digitalak zeharka ukitu dituen sektoreak bizkortu egingo du transformazioa.
  11. Teknologiaren zentralitate horren guztiaren eta pribatutasun galeraren aurkako ahotsek eta mugimenduek indarra hartuko dute.

Halere, aldaketa handienak beste arlo batzuetan –ekonomia, politika, gizarte antolaketa, aisialdi ohiturak, kultura, lidergoa...– izango dira. Lehendik zetozen eta itxialdiko egunotan azkartu eta azaleratu diren joerak identifikatzea txarra ez, zer datorren irudikatzeko".

Leire Ibarguren: "Ezinbestekoa izango da herritarrok adi, kritiko eta aktibo, kolektiboan aritzea"

Bilgune Feministako kidea

"Mundua baino bizimodua da aldatuko dena, eta ez du birusak aldatuko, guk baizik, birusarekin elkarbizitzeko erakusten dugun gaitasunaren arabera. Lurra planeta ez da gizakiona, nahiz eta horrela bailitzan jokatzen dugun. Planetak milioika urte egin ditu gure espezierik gabe, eta aurrerago ere egingo ditu ziurrenik. Gure buruak ez ditugu zaurgarritzat, eta hori da arazoa. Kapitalismoak ukatu egin du gure zaurgarritasuna, lehentasuna kapitala pilatzean jarriz eta bizitzak bazterrean utziz.

Ez dakit nolakoa izango den konfinamendu ondorengo jendartea, baina agerian gelditu da bizitza zerk sostengatzen duen eta lan horietan zein eta zer baldintzetan aritzen diren. Osasungintzan egindako murrizketen faktura iritsi da, eta garbitzaileen nahiz zaintzaileen greben zergatia ulertuko ote genuen honezkero!

Koronabirusak ez omen du klase, arraza edo genero bereizkeriaz ulertzen, baina horri aurre egiteko baliabideek eta neurriek bai. Paperik gabekoak, etxean indarkeria jasaten duten emakumeak, kontratu gabekoak, presoak eta nerabeen nahiz haurren beharrak ahaztu dituzte enpresen beharrei adi hartutako neurriek.

Eta horren guztiaren erdian, nire iritziz kezkagarriena, bizitzaren kontra modu zuzenean egiten duen neurria. Bizitza duin bat ezin dut ulertu heriotza duinik gabe. Gobernuak behartuta, gure lagunak eta senideak bakarrik ari dira hiltzen. Nola da posible estatuak gure bizitzetan halako interbentzio bat egiteko eskumena izatea? Beldurra zabaldu da, eta askotan, beldurra bera beldurtzen gaituena baino arriskutsuagoa izaten da. Bestela, nola izan dezakete poliziak eta armadak gure kaleetan halako biolentziaz eta inpunitatez aritzeko zilegitasuna?

Hainbat politikariren lehentasunak zein diren ere agerian gelditu da. Horien ahotik entzun dugu 'normaltasun berria' etorriko dela konfinamenduaren ondoren, eta herrigintza feminismotik egin nahi dugunontzat susmagarria izango da beti 'normaltasuna' hitza; ez dugu 'normaltasunik' nahi.

Bestelako gauzak ere azaleratu dira, eta horietan jarri behar dugu arreta eta indarra. Herritar zaintza sareak, komunitatearen kohesioa, elkar babestearren egiteko prest gaudena, elkartasuna, herritarren eta udalaren arteko elkarlana herri batzuetan (gurean kasu), osasungintzan eta zaintzan dabiltzanei aitortza herritarra (aitortzatik haratago joan behar luke). Gure zaurgarritasunaz kontziente, balio horietan oinarritzen den bizimodua ere eraiki dezakegu konfinamenduaren ondoren, eta eredu batera edo bestera jotzen dutenen indar korrelazioak baldintzatuko du dena. Beraz, ezinbestekoa izango da herritarrok adi, kritiko eta aktibo, kolektiboan aritzea".

Miren Alcedo: "Betiko tresna eta kontzeptu zaharrak erabiltzen jarraitzen badugu, autoritarismoa nagusi bihurtuko da"

Epaitegiko langilea

"Justizia arloak oinarrizko bi zutabe ditu gure lurraldean: epaileak (ebazpen judizialak egiten dituzte) eta Eusko Jaurlaritza (eraikinak eta langileak jartzen ditu). Legeak eta langileei buruzko araudiak Espainiako Gorteek egiten dituzte. Korapilo horretan justizia ezkutatu ohi da.

Itxialdian bi erabaki deigarri hartu ditu Justizia administrazioak: Herriko tabernen auzi politiko eta polemikoaren epaiaren exekuzioa martxan jarri da –justizia errestauratiboaren ordez, betiko zigorra–; eta ELA sindikatuak auzitara eraman du Aldundia, Tolosako eta Ordiziako adinekoen egoitzetan COVID-19a kudeatu den moduagatik –lan arloko epaitegiek artxibatu egin dituzte horiek–. Itxialdian ere, botere judizialak boteretsuen alde jarraitzen du.

Krisi honetan, justizia langileekin ere erabili du administrazioak ohiko autoritarismoa: bat-bateko neurri asko hartzen ari dira, baliteke beharrezkoak eta onargarriak izatea, baina langileen ahotsa entzun gabe ari dira inposatzen. Krisialdian sistemaren zuloak agerian geratu dira: Espainian edo Katalunian telelana egin dute, eta hemen ezinezkoa izan da. Lehen eredugarria zen sistema informatikoa, guztiz zaharkituta dago orain.

Justizia zerbitzu askotan lan baldintza kaskarrak izan dira orain arte; batez ere, behar baino langile gutxiago daudelako. Horrexegatik pilatzen da lana. Orain egoera larriagotu egin da, bertan behera geratutako prozedurak martxan jarri behar direlako berriro eta abokatuen bulegoetan geratutakoak aurkezten hasi direlako. Judizialki konpondu beharreko gatazka asko sortu dira –senideen artekoak, lan edo etxe kaleratzeak, laguntzak lortzeko administrazioaren kontrako auziak...– krisialdiaren ondorioz. Erronkaren aurrean aukera batzuk baditu administrazioak: bata, langile gehiago kontratatzea; bestea, langile kopurua mantentzea. Eusko Jaurlaritzak ez du lehen aukera aipatu orain arte; beraz, lana are gehiago pilatuko da. Bada lana arintzeko beste aukera bat ere: pribatizazioa. Prokuradoreak aspalditik ari dira jakinarazpenak eta zitazioak egitea eskatzen. Orain, atzerapenaren aitzakiapean, berritu egin dute eskaera.

Enpatia eza leporatzen diote gure kolektiboari. Egia denez, era mekaniko batean egiten dugu lan gehiegitan; prozeduretan parte hartzen dutenei aurpegia jartzea kostatu egiten zaigu. Orain, maskararekin mozorrotuta, lana pilatuta, despertsonalizazioa handitzeko arriskua hor dago.

Betiko tresna eta kontzeptu zaharrak erabiltzen jarraitzen badugu, autoritarismoa nagusi bihurtuko da, bide errazagoa delako, baina justizia are urrunago egongo da".