Koronabirusa Azpeitian

Bihartik ostiralera bitartean maskarak banatuko ditu udalak

Uztarria.eus 2020ko mai. 19a, 18:17
Joan zen asteko maskara banaketako irudi bat.

Joan zen astean maskara eskuratzerik izan ez zuten herritarrek bihar, etzi eta etzidamu jaso ahalko dituzte. Boluntarioek 18:30etik 20:30era egingo dute banaketa, herriko hainbat auzotan jarriko dituzten hamalau postuetan. Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko herritarren erdiek baino gehiagok jaso dituzte udalak erositako maskara berrerabilgarriak.

Aurreko astean hasitako maskaren banaketarekin bihartik aurrera jarraituko du Azpeitiko Udalak. Hain zuzen ere, aurreko astean maskarak jasotzerik izan ez zuten herritarrek bihar, etzi eta etzidamu eskuratu ahal izango dituzte. Auzoz auzo, hamalau postu jarriko dituzte, eta horiek 18:30etik 20:30era izango dira zabalik. Herritarrek beren bizilekutik gertuen dagoen postura joan beharko dute maskarak eskuratzera; hau da, erroldatuta dagoen etxebizitzaen arabera, gertuen dagoen lekura, "herritarrak beren bizilekutik ahalik eta gutxien mugitzeko helburuz".

Joan zen astean 85 boluntario aritu ziren udalak erositako maskara berrerabilgarriak banatzen. Hiru egun jarri zituzten 65 urtetik gorako herritarrek horiek eskura zitzaten, baina adin horretatik gorako herritar gehienek lehen egunean jaso zituztenez, gainerako herritar guztientzako banaketarekin hasi ziren ostegunean. Udalak jakinarazi duenez, maskara erdiak baino gehiago banatu dituzte dagoeneko. Gainera, 0 eta 12 urte bitarteko umeentzako maskara txikiagoak ere jarri ditu eskuragarri erakundeak, eta egunotan ere eskuratu ahal izango dira horiek ere.

Honako hau da auzoz auzoko mahaien zerrenda:

  • Euskal Herria, Karmelo Etxegarai Ikastolaren ondoa: Euskal Herria auzoko bizilagunak.
  • Baigera II ondoa: Salbe auzuneko 21-40 arteko karreretako bizilagunak.
  • Jose Antonio Agirre plaza: Salbe auzuneko (1-20 artekoak), Jose Antonio Agirre plazako eta Urbitarteko bizilagunak.
  • Barrenetxeko parke berdea: Barrenetxe, Arria eta Oñazko bizilagunak.
  • Loiolabideko plazatxoa: Loiolabideko eta Iñaki Azpiazu kaleko bizilagunak.
  • Urrestillako plaza: Urrestillako, Nuarbeko, Aratzerrekako eta Matxinbentako bizilagunak.
  • Aranako parkea: Arana, Aranagoikoa eta Etxe-Alai auzuneetako bizilagunak.
  • Betharram, Iraurgi Ikastetxeko jolastokia: Pablo VI.eko, Perdillegiko, Artzubiko eta 1766ko Matxinada kaleko bizilagunak.
  • Balentina Agirre plaza: Jose Artetxeko, Ildefonso Gurrutxagako, Foru pasealekuko, San Martin estratako eta Ibaieder kaleko bizilagunak.
  • Garmendi gaineko jola parke ondoa: Agirre auzoko, Garmendiko eta Garate Anaiako bizilagunak.
  • Olazko Amaren plaza: Errebaleko, Goikokaleko, Olazko Amaren plazako eta Santutxoko bizilagunak.
  • Plaza Txikia: Enparan kaleko, Elizkaleko, Erdikaleko, Plaza Txikiko eta Perez Arregi plazako bizilagunak.
  • Plaza: Done Jakueko, Txaribarko errebaleko, plazako, Landetako, Elosiagako, Izarraitz auzoko eta Loiolako bizilagunak.
  • Julian Elorza hiribidea: Joan XXIII.eko, Iberotarren plazako, Julian Elorzako, Odria auzoko, Soreasuko, Damasoko, Madalenako eta Enparangaingo bizilagunak.

Udalak gogorarazi du maskarak erabiltzea gomendatu dutela osasun erakundeek, eta gogorarazi du garraio publikoan derrigorrezkoa izango dela horien erabilera. "Gomendio eta betebehar horiei erantzuteko asmoz erabaki du udalak maskarak banatzea, norbere burua eta komunitatea zaintzeko bidea baita babes neurri hori hartzea".

Labaka "pozik" agertu da herritar ugari joan zelako maskara bila, eta azpimarratu du banaketa "arazorik eta pilaketarik gabe" egin zutela. "18:30erako herritar ugari zegoen postuetan. Aurreikusita genuen lehen egunean jende ugari joango zela postuetara, baina atzo adineko gehienek jaso zuten beren maskara. Adinekoak eta boluntarioak eskertu nahi ditugu, banaketa guztiek arduraz jokatu zutelako. Banaketa modu ordenatuan eta prebentzio neurri guztiak beteta egin zelako".

Maskaren gaineko xehetasunak

Udalak erosi eta herritarrek eskura jarri dituen maskarak higienikoak dira; hau da, norbera babesteaz gain, besteak kutsatzea saihesten du. Berrerabilgarriak dira, baina propietate guztiak mantentzeko ezinbestekoa da honako jarraibide hauek segitzea:

  • Lixiba, kloro eta edozein detergenterekin garbi daiteke.
  • 60-90 gradu bitarteko tenperaturarekin garbitzea aholkatzen da.
  • Lehorgailua erabili behar baduzu, 40 gradutara jarri, eta ez eduki 15-20 baino minutu baino gehiago.
  • Ez plantxatu

Erabilerari dagokionez ere, hainbat azalpen eman du udalak. Batetik, maskara janzterako eskuak gel desinfektatzailearekin edo xaboiarekin nahiz urarekin ondo garbitzea aholkatu du. Bestetik, maskararekin sudurra eta ahoa estali direla ziurtatu behar da, baita aurpegian zirrikiturik ez dagoela ere. Horrez gain, ahal dela maskara ez ukitzea gomendatu du erakundeak, eta ukituz gero, eskuak garbitzea aholkatu. Maskara hezetzen edo bustitzen bada aldatzeko ere esan du, eta maskara kentzerakoan atzetik aurrera egin behar dela zehaztu ere bai; hau da, belarrietako gomatik kendu behar da, ahal dela oihala ukitzea saihestuta. Kendu eta berehala garbitu behar ez bada, maskara ontzi itxi batean sartzea aholkatu du udalak.