Koronabirusa Azpeitian

Atzeratutako apustua uztailean nahi dute jokatu Peñagarikanok eta Aizperrok

Uztarria.eus 2020ko mai. 19a, 14:01
Peñagarikanok eta Aizperrok apustua hitzartu zuten eguneko irudia.

Oraingoz, ez dute datarik zehaztu, baina egoerak ahalbidetzen badu, erronka uztail bukaeraren bueltan jokatzea nahi dute. Bi kirolariek ez dute zalerik gabeko apustua jokatzea lehenesten, eta babes neurriak hartuta apustua ikusleekin jokatzea espero dute. Martxoaren 14an ziren apustua jokatzekoak, baina Aizperrok min hartu zuen, eta pare bat astez atzeratu zuten hitzordua. Koronabirusaren krisia tarteko, apustua bertan behera utzi behar izan zuten.

COVID-19ak bertan behera utzi dituen hitzorduetako bat da Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarrak eta Josean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohi oriotarrak Azpeitiko zezen plazan jokatu behar zuten apustua. Data atzeratu badute ere, erronka jokatzeko gogorik ez dute galdu bi kirolariek, eta horiek jakinarazi dutenez, uztailaren bukaeran nahi dute apustua jokatzea. Oraingoz, ez dute datarik zehaztu, baina egoerak ahalbidetzen badu, erronka uda bueltan jokatzea nahi dute biek ala biek; izan ere, ordurako deseskalatzearen hirugarren fasean egotea aurreikusten dute horiek.

Zehaztuta dute egin beharko dituzten lanak zeintzuk izango diren: bi kirolariek ehun kiloko harriari 35 altxaldi egin beharko dizkiote, kanaerdiko sei enbor ebaki beharko dituzte eta 4,5 kilometro osatu beharko dituzte korrika. Dena den, datarako prest egotea dute lehen kezka, eta ikusleak zezen plazara joateko aukera izatea bestea. Izan ere, bi kirolariek ez dute zalerik gabeko apustua jokatzea lehenesten, eta babes zein ikusle kopuruaren gaineko neurriak hartuta apustua ikusleekin egin ahal izango dutela espero dute.

Joan zen azaroaren 22an adostu zuten apustua Peñagarikanok eta Aizperrok Azpeitiko Mendizabal tabernan; martxoaren 14rako jarri zuten hitzordua. Dena den, otsailaren 27an erronkaren data atzeratzea eskatu zuen Aizperrok, harriarekin entrenatzen ari zela min hartu zuelako, eta martxoaren bukaerarako jarri zuten data berria. Koronabirusaren krisia Azpeitira ere iritsi zen, ordea, eta ordutik datarik gabe dute erronka. Hala eta guztiz, udan jokatzea aurreikusten dute bi kirolariek.