Koronabirusa Azpeitian

Museoen Nazioarteko Eguna, museoetara joateko aukerarik gabe

Burdinbidearen Euskal Museoa

Azpeitian kokatuta dagoen Burdinbidearen Euskal Museoak urtero ospatu izan du maiatzaren 18a, baina aurten ezin izan ditu ateak zabaldu eta trenak martxan jarri koronabirusaren osasun krisia tarteko. Dena den, museoa aurki irekitzea espero dutela azaldu du Juanjo Olaizola zuzendariak; aurreikuspenen arabera, ekainaren 2an. Bisitarien segurtasuna eta osasuna bermatzeko prestaketa lanetan dabiltza buru-belarri.

Maitzaren 18a data seinaltua izan ohi da Burdinbidearen Euskal Museoarentzat; izan ere, Museoen Nazioarteko Eguna izanik, hainbat ekintza antolatu izan dituzte urtez urte Azpeitian kokatuta dagoen museoan. Aurten, baina, egoera irauli du COVID-19 gaitzak eta haren bueltan sortu den osasun krisiak, eta eguna behar bezala ospatzeko egitasmoan antolatzeko paradarik ez dute izan museoko kideek. Hala azaldu du Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak: "Museoa itxita dagoenez, ezin dugu ezer handirik egin. Dena den, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, sare sozialen bidez zabaldu ditugu bideoak, herritarrek beren etxeetatik museoaren berri izan dezaten".

Joan zen martxoaren 13tik dago itxita museoa, gainerako museo eta leku publiko guztien gisan. Bi hilabete igaro dira ordutik, eta Olaizolak azaldu duenez, gauzak antolatzeko lanetan-eta aritu dira epe tarte horretan. Museoa irekitzeko "zain" daudela aitortu du hark, eta aurreratu du datorren ekainaren 2an Burdinbidean Euskal Museoa zabaltzeko aukera izango dutela dirudiela eta "hala espero" dutela. "Egun horretan museoa osasunerako eta segurtasunerako babes neurriekin ireki ahal izateko dena prestatzen ari gara. Mampara bat jarri dugu sarreran, hidrogelak ekarri ditugu, ibilbide zirkularra antolatu dugu bisitariak elkarrekin ez gurutzatzeko... eta neurriak betetzen saiatuko gara".

Aurtengoan ezin izan dute Olaizolarentzat eta lantaldearentzat hain "berezia" den Museoen Nazioarteko Eguna ospatu; hain zuzen ere, osasun krisirik izan ez balitz atzo ospatuko zuketeen eguna, hainbat tren martxan jarrita. Trenak eta langileak martxan hasteko prest dira, eta beste bi aste itxaron beharko dute gutxienez museoaren martxan berreskuratzen hasteko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide