Koronabirusa Azpeitian

Bertan behera utzi dituzte foru udalekuak

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek aurtengo uda sasoiko udalekuak bertan behera uztea erabaki dute, ez dagoelako nahikoa segurtasun eta osasu berme programa gauzatzeko. Ostatu eta elikadura jarduna zein gauak pasatzeko aukera eta COVID-19aren zabalkundea saihesteko neurriak ez direla bateragarriak azaldu dute foru erakundeek.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek aurtengo uda sasoiko udalekuak bertan behera uztea erabaki dute. Hala azaldu du gaur, ostiralarekin, Ana del Val Arabako diputatuak. Hark esan duenez, gaur-gaurkoz ez dago nahikoa segurtasun eta osasun berme udalekuak egiteko, eta horregatik utzi dute bertan behera Udalekuak 2020 programa. Gainera, ostatu eta elikadura jarduna zein gauak pasatzeko aukera eta COVID-19aren zabalkundea saihesteko neurriak ez direla bateragarriak azaldu du hark.

6 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzendutako udalekuak antolatzen dituzte urtero hiru herrialdeetako aldundiek, eta horien arabera, programaren helburua da haurrek behar bezala elkarbizitzen ikastea. Dena den, azaldu dute xede horiek lortzea ezinezkoa dela osasun krisia tarteko. Martxan diren protokoloek pertsona kopuruari dagozkion mugak ere badituztela azaldu du Del Valek, eta udalekuak egitekotan oso haur kopuru murritzarekin gauzatu beharko liratekeela gogorarazi du. Udalekuen programa bertan behera utzita, alternatibak aztertzen ari dira foru erakundeak.

 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide