Azpeitia airetik hartutako irudi batean. (Alex Berasategi)

Eudelek ostegunean ez zuen onartu Jaurlaritzak kultura eta aisialdiko irizpideez prestatutako dokumentua. EAJ, EH Bildu eta PSEko alkateek zehaztasun handiagoak eta Osasun Sailaren bermea eskatu dituzte, eta sail horrek txosten osatuagoa prestatu du. Jaurlaritzak dio oinarrizko irizpideekin udalek hartuko dituztela erabakiak. Bihar bilduko dira berriro. Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea Eudeleko presidenteordea da; harekin hitz egin du Berriak.

Eudel EAEko udalen elkarteak bihar goizean bilera bat egingo du Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako kultura, festa eta aisialdiko ekinbideen irizpideei buruz egokitutako dokumentua aztertzeko. Joan den ostegunean harekin, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin, hiriburuetako alkateekin eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzarekin Lehendakaritzan egindako bileran, Eudelek esan zuen ezin zuela onartu dokumentua, eta Osasun Sailaren txosten bat eskatu zuen. Jaurlaritzak atzo helarazi zion; eman beharreko pausoak-eta zehaztuagoak daude idatzi horretan. Lehendakaritzako bilera ere bihar izatekoa da, Eudelenaren ondoren, dokumentua onartzeko asmoz.

Lehendakaritzako lehengo osteguneko bilera baino ordu batzuk lehenago batzartu zen Eudeleko zuzendaritza, eta EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko alkateek azaldu zuten udalek Osasun Sailaren irizpide zehatzagoak behar dituztela igerilekuak eta bestelako azpiegiturak irekitzeko edota festak egitea onartzeko. Jose Antonio Santano (PSE-EE) Irungo (Gipuzkoa) alkateak Berria agunkariari adierazi dio Jaurlaritzaren dokumentua "orokorra" iruditu zitzaiola, eta "zehaztasun handiagoak, eta osasun autoritateen baimena eta bermea" behar direla udal bakoitzak ekinbideak onartu ahal izateko. "Babesa eta segurtasuna behar ditugu". Santanoren esanetan, Eudeleko zuzendaritzaren bileran "kolore denetako alkateek" agertu zuten "ikuspegi bera", "herritarren osasuna baita guztion lehentasuna".

Oinarrizko irizpideekin, erabakia udalen esku

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako «normaltasun berri baterako trantsizio ordenatu bat" planteatu du Jaurlaritzak, haren dokumentuak dakarrenez, eta, "bizitza publikoa bermeekin berreskuratu ahal izateko", "oinarrizko osasun irizpideak" proposatu ditu zenbait arlotarako. Jaurlaritzak dio bere Osasun Sailarekin kontrastatuta daudela neurriak, eta edozein erabakik beti egon behar duela infekzioaren bilakaeraren eta kutsaduraren mende, zeina "Osasun Sailak une oro monitorizatuko duen".

Halaber, "euskal gizarteari konfiantza emateko", instituzio publikoak koordinatzeko beharra aipatu du. "Irizpide komunak onartuz gero, erakunde bakoitzeko arduradunek dagozkien erabakiak hartu ahal izango dituzte". "Arrisku bat" ikusi dute hor Eudeleko zuzendaritzako udalek, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak (EH Bildu) Berriari esan dionez. "Baserritarren azokak debekatzeko erabakia Jaurlaritzak hartu zuen, eta orain igeriluak-eta irekitzeko erabakia udalen esku utzi nahi du. Denok dugu borondatea bizitza sozialari berrekiten hasteko, baina alkateok Osasun Sailaren bermea nahi dugu erabakiak hartzeko, eta gabezia hori sumatu du Eudelek". EAJko zortzi alkate, EH Bilduko bost eta PSE-EEko bi daude Eudeleko zuzendaritzan; Gorka Urtaran (EAJ) Gasteizko alkatea da presidentea, eta Santano eta Alkorta presidenteordeak.

Jarraitu albistea irakurtzen Berria.eus-en.