Koronabirusa Azpeitian

Herritar bakoitzari maskara berrerabilgarri bana emango dio udalak

Asteazkenean hasiko dira banaketa egiten, eta banaketa modu ordenatuan egingo dute. Lehenengo 65 urtetik gorako herritarrei emango dizkiete eta gero gainerako guztiei. Horretarako, hamabost postu jarriko dituzte herrian, eta herritar bakoitzak dagokionean eta dagokion lekura joan beharko du maskara jasotzera. Astelehenetik aurrera jakinaraziko dute bakoitzak noiz eta nora joan beharko duen.

Konfinamendua arintzeko neurriak hartzearekin batera, herritarrak pixkanaka kalera ateratzen hasi dira. Irteera horietan ezinbestekoa da osasun agintariek emandako jarraibideak zorrotz betetzea, eta gomendagarria da babes-maskara erabiltzea. Horiek lortzea, ordea, ez da erraza. Horregatik, Azpeitiko Udalak 15.000 maskara berrerabilgarri erosi ditu, herritarren artean banatzeko. Herritar bakoitzari bana emango dio.

Datorren asteazkenean hasiko dira banaketa egiten, modu ordenatuan. Lehendabizi 65 urtetik gorako herritarrei emango dizkiete, asteazkenetik ostiralera bitartean, eta ondoren gainerako guztiei, helduei zein haurrei. Banaketa egiteko hamabost postu jarriko dituzte herrian eta herritar bakoitzak dagokionean eta dagokion lekura joan beharko du maskara jasotzera. Astelehenetik aurrera, bando bidez jakinaraziko diete etxe-atari bakoitzeko bizilagunei non eta zein ordutan jaso ahal izango duten maskara.

Hamabost postu horiek jartzearen arrazoia herritarrak beraien bizilekutik ahalik eta gutxien mugitzea dela azaldu du udalak. Horregatik, etxetik hurbilen duten postuan jaso beharko dute maskara. Patologiaren bat dutenek edo postuetara joan ezin dutenek 688 874 861 telefono zenbakira dei dezakete 08:00etatik 15:00etara bitartean, eta etxean jasoko dute.

Boluntario gehiagoren beharra

Maskaren banaketa boluntario sarearekin elkarlanean egingo du Azpeitiko Udalak. Koronabirusak eragindako alarma egoerak sortutako beharrei erantzuteko sortu zuten sare hori, eta gaur-gaurkoz, 150 herritarrek osatzen dute. Haiek arduratuko dira maskaren banaketa egoki eta segurtasun neurri guztiak betez egiten dela ziurtatzeaz. Udalak eskerrak eman dizkie sare horretako kide diren herritarrei, "haien ekarpenik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako banaketa horrela egitea", eta sarean parte hartzeko deia egin die gainerako herritarrei ere, maskarak banatzeko jende gehiagoren beharra izango dela aurreikusten duelako. Boluntario izan nahi eta oraindik izena eman ez dutenek, honako galdetegia betez eman dezakete izena.

Boluntarioei ez ezik, herriko eragile eta enpresei ere eskerrak eman diezkie udalak, babes material faltari aurre egiteko erakutsi dute elkartasunagatik. "Elkar-ekin bezalako eragileekin antolatuta edo bakarka, herritarrek zein enpresek eta dendek orain artean izan duten jarrera eskertzekoa eta txalotzekoa da benetan. Isilean aritu da herritar ugari lanean eta ezinbestekoa izan da hori. Horrelako herritarrek egiten dute Azpeitia hobeagoa”, adierazi du Josu Labaka zinegotziak.

Maskarak banatzeko ekimenaz gain, COVID-19ak eragindako ondorioei aurre egiteko beste hainbat zerbitzu eta diru laguntza lerro ere jarri ditu udalak azken asteotan; hala nola, oinarrizko beharretarako laguntza eta kontratupeko langileentzat eta autonomoentzat alokairua edo mailegua ordaintzeko laguntza. Informazio gehiago behar dutenek 943-15 71 92 eta 943-54 79 83 telefono zenbakietara dei dezakete.


Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide