Koronabirusa Azpeitian

Enpresek ekainaren 30era arte luzatu ahal izango dituzte lana aldi baterako erregulatzeko txostenak

Basarte industriagunea goitik.

Espainiako Gobernuak, patronalak eta sindikatuek erdietsi zuten akordioa atzo. COVID-19ak eraginda jardunari osotasunean edo partzialki eutsi ezin dioten enpresek lana aldi baterako erregulatzeko txostenen epeak luzatu ahal izango dituzte. Enpresek langileak kaleratu ahal izango dituzte hondoa jotzeko eta hartzekodunen konkutsoan sartzeko arriskuan baldin badaude.

Espainiako Gobernuak lana aldi baterako erregulatzeko txostenen epea luzatuko du ezinbesteko kasuetan; izan ere, atzo sinatu zuen akordioa Espainiako sindikatuekin eta patronalarekin. Datozen hilabeteetarako aurreikusten diren kaleratzeak saihesteko hartu du neurria erakundeak, eta horrenbestez, gutxienez ekainaren 30era arte mantendu ahal izango dituzte lana erregulatzeko espedienteak. Dena den, erregulazio txostenen epea ezingo dute luzatu paradisu fiskaletan helbideratuta dauden enpresek, eta 50 langiletik gorako enpresek ezingo dituzte txostena indarrean den ekitaldi fiskalari dagozkion dibidenduak banatu.

Hitzarmenean jaso dutenez, COVID-19ak eraginda jardunari osotasunean edo partzialki eutsi ezin dioten enpresek luzatu ahalko dute erregulazioa. Bada orain arte jaso ez duten aldaketa nabarmen bat: enpresek langileak kaleratu ahal izango dituzte hondoa jotzeko eta hartzekodunen konkutsoan sartzeko arriskuan baldin badaude. Gainerako enpresek sei hilabeteko epea bete beharko dute gutxienez kaleratzeak egin ahal izateko, baina epe hori lana erregulatzeko txostena ezarri zen unetik hartuko dute kontuan; hau da, behargin bat espedientea aplikatu eta bost hilabetera hasten bada lanean, hilabetera kaleratu ahal izango dute. Dena den, badira bidegabeko kaleratze gisa hartuko ez dituzten kasu batzuk, hala nola diziplinazko bidezko kaleratzeak, dimisioak, heriotzak, erretiroak, ezintasunek eragindakoak eta aldi baterako lan bat egiteko beharra eragin zuten kausak amaitzea. Kasu horietakoren batean kaleratzea gauzatuz gero, salbuetsitako kuota guztiak interesekin itzuli beharko dituzte enpresek.

Bestalde, azken bi hilabeteetako gisan, lana erregulatzeko txostenaren pean diren beharginen langabezia sariei eta enpresek horien gizarte segurantzan dituzten kotizazio salbuespenei helduko die gobernuak, baina ehuneko desberdinak izango dira enpresaren tamainaren eta ezarrita duen lanaldiaren arabera. Hiru aldeek sinatu duten hitzarmenaren arabera, akordioa luzatu ahal izango dute ekainaren 30a igarotzean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide